Euskal emakumeek mendeetan egin duten lana nabarmendu nahi du XV. Korrikak. Aiurrik ere bi emakume elkarrizketatu ditu, egun Andoaingo AEKn euskara ikasten ari diren Merçe Brau eta Ainhoa Moreno, hain zuzen. Merçe Brau kataluiniarra da jaiotzez, baina egun Andoainen bizi da. Orain bost urte hasi zen euskara ikasten. “Lotsa ematen zidan hemen bizi eta euskaraz ez ulertzeak, errespetu falta iruditzen zitzaidan”, dio Merçek. Beragatik erdaraz hitz egiten zutenean gaizki pasatzen zuen. “Ingurukoek asko animatu ninduten, lagun asko ditut euskaraz hitz egiten dutenak”, azaldu du. Ainhoa Morenoren kasua ezberdina da. Lasartear honek eskolan izan baitzuen euskararekin lehen harremana. “Eskolan euskara, ingelesa bezala erakusten ziguten, hitz batzuk soilik”, dio Morenok. A ereduan ikasi zuen lasartearrak eta eredu horrek ez duela euskalduntzen salatu du. Horrela, 1999an hasi zen AEK-n eta orduz geroztik, urte batean izan ezik, bertan jarraitu du euskara ikasten. Egun EGA ateratzeko klasean dago, egin duen lan eskergaren seinale. “Euskal Herrian bizi garelako eta nire lanerako behar dudalako hasi nintzen. Nire lanean jendearekin kontaktua oso garrantzitsua da eta euskara behar nuen”, adierazi du Ainhoak. Egun baditu euskaldunak diren lagunak, baina oro har, erdal ingurune batean hasi zen euskaraz ikasten.
Korrikaz bi ikuspuntu
Laster egingo den korrikaren inguruan, Merçeri festa oso polita iruditzen zaio.“Nik bi Korrika ikusi ditut eta benetan harrituta geratu naiz. Oso festa polita iruditzen zait. Korrika pixka bat ere egiten dut, metro batzuk bada ere”, dio irribarretsu. Ainhoak aldiz, ez du Korrika barnetik ezagutzen. “Ez dut behin ere Korrika ikusi. Azken urteetan goizaldean igaro da eta ez dut parte hartu”, zehaztu du. Aurten gelakideak animatzen badira parte hartuko du Korrikan.
Aurtengo edizioak emakumeak omentzen dituela eta, euskara ikasten ere askoz ere emakume gehiago ari dela baieztatu dute bi neskek. “Gehiago saiatzen garela uste dut, gogo gehiago jartzen diogula”, nabarmendu du Merçek. Ainhoaren ustez, “ogibidearekin ere zerikusia du emakume gehiago izateak. Irakasle eta beste hainbat ofiziotan emakume gehiago ari da lanean eta horrek ere badu zeresana”. Euskararen etorkizunaz galdetuta, ikuspuntu ezberdina dute. “Nik ondo ikuten dut euskararen etorkizuna. Hurrengo belaunaldietan denok jakingo dugu euskara eta espero dut hori ere erabileran sumatzea”, azaldu du Ainhoak itxaropentsu. Merçek ordea, ez du hain garbi ikusten. “Ez dakit, uste dut jendeak gutxi hitz egiten duela. Haur ia denek egun badakite, baina hitz egitea beste kontu bat da. Gurasoek esaterako, euskaldunak izanda ere, haurrari euskaraz egiten diote, baina gero, elkarren artean erdaraz aritzen dira”.
Merçe eta Ainhoa behintzat, euren aletxoa jartzen ari dira Euskal Herri euskaldunago baten bidean, AEKn edota beste euskaltegietan dabilen beste hainbat bezala. Bejondeiela guztiei!