KORRIKA ESKUALDEAN BARRENA
2007ko Martxoaren 24an, larunbatarekin
Villabona / 10:46 / Gasolindegia
Zizurkil / 11:05 / Zubimusu
Aduna / 11:15 / Herriko sarrera
Andoain / 11:25 / Sorabilla
Korrikaren XV. edizioa da aurtengoa. 1980an AEKren eskutik sortu zen ekimen honek milaka lagun jarri ditu lasterka azken urteotan. Aurten, Enkarterrietan, Karrantzan izango du hasera Korrikak martxoaren 22an eta hamar egun geroago, apirilaren 1ean amaituko da Iruñean. Eskualdera martxoaren 24an iritsiko da. Tolosa igarota, Villabonara hamaikak laurdengutxi inguruan iritsiko da, ondoren Zizurkil, Aduna eta Andoinera joateko. Larunbat goiza izanik, gauez igaro den azken edizioetan baino jende gehiago izatea espero dute antolatzaileek.
Korrika Batzordeak
Korrika antolatzen lan handia egiten duenetako bat Maider Barandiaran zizurkildarra da. Andoaingo AEKn irakasle izanik, bera arduratzen da hainbat Korrika Batzorde martxan jartzeaz. “Urtarrila bukaeran egiten da deialdia eta otsailean sortzen dira batzordeak. Aste Santuetako aurreko igandean bukatzen da beti Korrika, beraz, Gabon inguruan hasten gara pentsatzen deialdia nola egin eta urte berriarekin batera martxan hasten gara”, zehaztu du.
Korrika Batzorde hauek hainbat lanen gaineko ardura izaten dute,“Lehen lana Korrika pasa behar duen egunean animazioa sortu eta festatxo bat egitea da. Horrez gain, festa honen helburua AEKrako dirua biltzea da. Horrela, herriko komertzioetatik dirua eskatuz pasa eta elkarte eta alderdi ezberdinei kilometroa eskatzeko eskaria egiten da. Azkenik, bestelako lanak ere egin behar dira, lekukoa hartuko dutenen kokapena zehaztu, bide mozketen kontua koordinatu eta, oro har, lasterketa ondo igaro dadin zaindu”. Maider Barandiaranek onartzen du ordea, geroz eta zailagoa dela jendea Korrika Batzordeetan parte hartzera animatzea. Hala ere, Korrika igarotzen den eskualdeko herrietan lortu dute batzordeak sortzea.
Festa polita
Ezin da ukatu, Korrika festa eder bat izaten dela. Bertan lan egiten dutenek ere gozatzeko aukera izaten dutela ziurtatu du Barandiaranek. “Korrika igarotzen den egun hori polita izaten da, lasterketak berak asko animatzen gaitu. Guk lana egin behar izaten dugu, baina polita izaten da. Korrika badatorrela esanez Goierritik deitzen digutenean oso polita da. Eta jada kanta entzuten dugunean eta ikusi badatorrela, oso hunkigarria izaten da. Festa bezala ederra da, ez da gelditzen, beti aurrera dijoa, oztopo guztiak gaindituz”. Maider eta bere kideei Tolosaldeko zatia kontrolatzea dagokie. “Ikaztegietan hasi eta Andoain-Urnieta bitarteko zatia zaintzen dugu. Kezka handiena lekukoa hartu behar duena bere lekuan egotea da, bestela guk furgonetatik jauzi egin eta hartu egin behar izaten dugu”, azaldu du.
Ekitaldi ugari
Korrikaren inguruko hainbat ekitaldi ari dira antolatzen eskualdeko batzordeetan. Korrika Kulturalaren baitan, Villabonako Gurea Zineman Gu Ta Gutarrak eta Karidadeko Benta taldeen emanaldia izango da martxoren 17an, hain justu lasterketa herritik igaro baino astebete lehenago. Gaueko kontzertu honen bueltan ordea, goizean haurrentzako jolasak egingo dituzte, Korrikako materiala saltzeko denda jartzeaz gain. Hori 17an. Korrika igarotzen den egunerako berriz, bertso bazkari edo afari bat egitekotan dira.
Zizurkilen 24rako, Korrika igarotzen den egunerako prestatu dute ekitaldi sorta. Hamarretan, lasterketa iritsi baino lehen, beroketa ariketak egingo dituzte. Korrika egin ondoren berriz, hamaiketakoa eta bertso bazkaria izango da Zizurkilen. Zizurkil eta Villabonaz gain, Aduna eta Andoainen ere lanean ari dira eta ondorengo egunetan emango dute jakitera zer antolatu duten.
Euskararen alde
Festa egiteaz gain, ezin da ahaztu Korrikaren helburu nagusiena euskararen aldeko aldarria Euskal Herri guztira zabaltzea dela. Bide horretan, oraindik egiteko asko dagoela uste du Maider Barandiaranek, “Zoritxarrez, euskararen erabileran nik ez dut aldaketa handirik sumatu. Ez dut uste esaterako, Zizurkil orain urte batzuk baino euskaldunagoa denik. Zeregin handia dago. Ni orain haurrarekin mugitzen naizen guneetan erdara nagusi da, hori da errealitatea”. Zalantzarik gabe, pauso ugari eman beharko dira oraindik euskara merezi duen helmugara iristeko.