Abiadura Handiko trenak eskualdeak egun duen itxura aldatuko du urte gutxi barru. Ibilbidearen zati handiena tunelean egitea aurrikusita badago ere, lurrazaletik ere igaroko da hainbat lekutan. Urnietan, herriko erdigunetik urrun xamar igaroko da, Leizotz industriagune inguruan. Andoaingo Buruntza menditik tunelean etorriko da trena eta Urnietan lurrazalean egingo ditu metro batzuk, berriz tunelean sartu eta Astigarraga aldera abiatu aurretik.
Biadukto bidez
EAEko trenbide sarearen lurralde plan sektorialaren arabera, lurrazaletik igaroko du Urnietako gunea, baina errepidea zeharkatzen duela kontuan hartuz, pentsa liteke zubi edo biadukto bat eraiki beharko dela tren berriak zonalde hori igaro dezan. Anoetan, Zizurkilen, Andoainen eta HT-k errepidea zeharkatzen duen beste herri gehienetan behintzat, biaduktoa erabili da trena errepidearen gainetik igarotzeko modu gisa.
AHT-a ordea, ez da ohiko trena. “Trenaren itxura du baina hegazkinaren parekoa da distantziei, geldialdiei eta energia gastuei dagokionez. AHT-a lurretik doan hegazkina da”, zehaztu du Andoaingo AHT-aren aurkako mugimenduan urteetan lanean ari den Emiliok. Tren bat baino gehiago dela aipatzean, dituen segurtasun neurriak ere nabarmentzen dituzte azpiegitura hauen aurkako mugimendutik. “Tren honek albotara hamabost metro behar ditu beretzat eta baita metro ugari dituen hesi bat ere”.
Eskualdeko herritarrentzat funtzionaltasun txikia izango duen garraiobidea dela salatzen du Emiliok, “AHT-ak urrun dagoena gerturatu baina gertu dagoena urrunduko du. Tren honek ez du aldiriko garraiorako balio, hirien barnean geratuko baita, eguneroko mugimenduen %97 eskualdeen artekoa izan arren”.
Beterri-Buruntzako kasuan, Donostia izango da gertuen egongo den geltokia. Urrun dagoena gerturatuko duela argi dago, halere. AHT-aren bultzatzaileek egindako aurreikuspenen arabera, Donostiatik Pariserako bidea egiteko esaterako,bost ordu pasatxo beharko lituzke tren berriak.
Azpiegitura honek ekarriko lituzkeen beste onuren artean kamioiak gutxitzearena aipatu izan da. Emiliok datu hori zehaztu nahi izan du. “Mila kamioi kenduko dituela esaten dute baina hamaika mila dira egunero Euskal Herrian ibiltzen direnak. Gainera, kopuru hau etengabe haziz doa. Kamioiak berdin berdin egongo dira, trena egingo da, Superportua egingo da… Garapen eredu jasanezina baten parte da guztia”.
Andoaingo AHT-aren aurkako taldean salaketa garbia egiten die erakundeei ere, herritarrak ez dituztela informatu, alegia. “Informazio falta nabaria da”, kexatzen da Emilio.
Ibilbidea azaltzen duen mapa
EAEko trenbide sareraren lurralde plan sektorialean oinarriturik, eskualdean Abiadura Handiko Trenak izango lukeen ibilbidea mapa batean jarri du Aiurrik. Guztia koloretan egina da eta hainbat argazki ere jasotzen ditu atzealdean, gune esanguratsuenen berri emanez. Mapa hau doan jaso nahi izanez gero, Urnietan Aiurrik duen bulegora joan besterik ez duzue.
Harrobia Urnietan?
Trenbidearen eraikuntzak behar duen porlan eta harri kopurua lortzeko, hainbat harrobi berri egiteko asmoa dute erakundeek. 2001eko EAEko Karrarrizko Lurren Lurralde Planaren baitan egindako azterketak hainbat harrobi aurrikusten ditu, horietako bat Urnietan. Otsotegiko zuloa deitzen den lekutik hasi eta Almortzategiko harkaitz ingururaino egingo litzateke harrobia, beti ere plan honen arabera. Harrobi hau, bi motatakoa izango litzateke, lurpekoa eta irekia alegia. Lurpekoak eragin bisual txikiagoa du, irekiak mendiaren ikuspegia bera itxuraldatzen duen bitartean.
Urnietan egin lezaketen harrobi hau ez da guztiz berria ordea, 60 eta 70. hamarkadetan harrobi bezala erabili baitzen orain aipatutako lur eremuen zati bat, orduko hartan Bilbao-Behobia autobidea egiteko. Pagoadarra baserriaren ondoko lur sailean kokatu zen harrobi hura (ikus argazkia). Itxura denez, orain ere antzekoa izango da kokagunea. “Bada 30 urte harrobi bezala erabiltzen ez dena eta erraustegia kokatzeko guneetako bat ere izan zen aipatutako zonaldea”, azaldu du Josebak.
AHT-aren aurkako taldeetatik deia egiten dute, “jendea harrobi hauek behin betiko onartu baino lehen mobiliza dadin”. Gainera, gai honen inguruan ere informazio falta dagoela salatu nahi izan dute.