Herme Gonzalez, PSE-EEren hautagaia Urnietan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2007ko mar. 1a, 12:30

Prest nago. Zuekin kontatzen dut”. Hitz horiekin amaitu zuen pasa den otsailaren 28an, Urnietako PSE-EE alderdiaren izenean datozen maiatzeko Udal hauteskundeetara  aurkeztuko den alkategai Herme Gonzalezek.

Udalbatza aretoan prentsaurrean egin zen aurkezpen saioan, orain artean alkatetzara aurkeztu eta, egun, AVT-ko presidente den Maite Pagazaurtundua eta Gipuzkoako PSE-EE alderdiko Idazkari Orokor Miguel Buen izan ziren. Pagazaurtunduak alkategai izateko lekukoa pasa zion Gonzalezi.

Alkategai berriak, umiltasunez, eraginkortasunez eta gardentasunez gobernatuko lukeela adierazi zuen. Hauteskunde programa laster aurkeztuko badute ere, haien egitasmoaren zutabe nagusietako batzuk aurkeztu zituen. Udalari egonkortasuna emateko konpromisoa hartu zuen. Bere esanetan, “gobernua bera ezin daiteke arazoa izan. Herritarren arazoak konpondu behar ditu”.

Horren haritik, kudeaketa hobea egin daitekeela gaineratu zuen. Hala, udal taldearen asmoen artean, zerbitzuak eta urnietarren bizi-kalitatea hobetzea zeudela adierazi zuen. Kasuan kasuko hobekuntzak edota berrikuntzak iragarri zituen anbulategi, eguneko zentro, Egapeko DBH-ko eraikin edota Kiroldegian. Baita herriak duen itxuran ere.

ZINEGOTZIGO BERRIAK
Herritarren parte hartzea bultzatzea eta indartzea da haien helburuetako bat; besteak beste, gazteen artean. Gazteriaren alorreko zinegotzia sortzearen bidez, adin horretan kezka-iturri diren etxebizitza, enplegu edota aisialdi arazoei erantzuna eman nahiko liokete. Ez litzateke sortuko luketen udal figura berri bakarra; herritarren eta auzoen parte hartzea bideratuko lukeen beste zinegotzigo bat ere txertatuko lukete udalgintzan. Kalean, etxez etxe edota auzoz auzoko bizitza gertuagotik jarraitzeko. Hain zuzen, herriko bizitza soziala dinamizatzea litzateke sozialisten beste helburuetako bat.

Miguel Buenek adierazi zuenez, “Gipuzkoak eta Urnietak herriarentzat, herriarengatik eta herriarekin lan egingo duten agintariak behar ditu”. Alde horretatik, alkategai sozialista hitzeko eta herriarekin konprometituta dagoen pertsona gisa definitu zuen. Urnieta hobearen alde lan egiteaz gain, Buenen arabera, hauteskundeak irabaziko dituzte eta maiatzaren 27tik aurrera herrian aro berri bat hasiko da. Bere esanetan, susmopean eta polemikoa izan den herri kudeaketa urbanistikoa eta azken egunetan, Foru Aldundirako hautagaien ondarearekin lotutako albisteak tarteko, sozialistak datuez bete beharreko paper bat erakutsi zuen. Alkategai Gonzalezek eta berak bezala gainerako alderdikideek bete beharrekoa; haien ondasunen gorabeherei buruzko xehetasunak emateko.

IBILBIDEA
Gonzalez duela hamabi urtetik Urnietako Udaleko zinegotzia izan da. Hirigintza eta ogasun gaietan aritu da lanean. 1995eko hauteskundeetan sozialistek zinegotzi bat eskuratu zuten; Gonzalez bera. 1999an, Maite Pagazaurtundua aurkeztu zen alkategai, eta zerrendan bigarren joan zen Gonzalez. Biek eskuratu zuten eserlekua. Amaitzear den legegintzaldian, sozialistek bost zinegotzi izan dituzte.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!