Proba hori bera irabazi dutenen artean, izen handiko txirrindulariak daude. Tartean, Abraham Olano eta Igor Astarloa munduko txapeldunak.
Zenbat aldiz pasa zaizu burutik helmuga zeharkatu zenueneko une hura?
Mikel Olano. Uf, askotan! Behin eta berriro etorri izan zait egun hauetan. Nahiko larri irabazi nuen, baina aurkariak burua jaitsi zuela ikusita, segituan altxa nituen besoak. Kriston poza eta emozioa sentitu nuen. Momentuan ez nuen sinesten, ezta ametsetan ez nuen imaginatzen. Elite mailakoekin batera arituta gainera.
Nolakoak izan ziren azken kilometroak?
M.O. 25 kilometro falta zirela tropelean erasoak hasi ziren eta gogorrena azken 15 kilometrotan etorri zen. Tentsioa ikaragarria zen, aurkariak kontrolatuz batez ere.
Guillermo Lana taldeburuarentzat lanean nenbilen azken kilometrotan. Hark agindutakoa betetzen nuen, hark gidatu ninduen azken txanpan. Iazko Bidasoako itzuliaren garaile da Lana eta profesionaletara igarotzeko zorian egon da. Proban bertan nik nere kabuz ez nuke jakingo zer egin, eta Lanak esperientzia gehiago duenez asko lagundu ninduen.
Esan bezala, taldeko liderrarentzat jota ke ari nintzen tropeltxotik tiraka. Gurekin zegoen Garikoitz Zabaleta, Bidelan taldekoa. Une horretan hirugarren egitearekin konforme nintzen. Dena ematen ari nintzen gure liderraren alde.
Esprinta gerturatzen ari zen eta bi kilometro falta zirela Zabaletak zulatua izan zuen eta berehala Ruiz de Gordoa beste aurkaria agertu zitzaigun. Kilometro eta erdi falta zela liderrak galdetu zidan ea zer moduz moldatzen nintzen sprintean. Nik aukerak ikusten nituela erantzun nion. Berak esprintean ez zela moldatzen ondo eta laguntza eskaini zidan. Tiraka aritu zen azken unera arte, 150 metro falta zirela.
Ezin zenion hutsik egin taldekideari…
M.O. Gainera, bi bihurgune geratzen zirela esan zidan “baina irabazi, e!”.
Zer diren gauzak, une horretan bigarren geratzea okerrena litzateke.
M.O. Bai, bai. Une horietan ez nuen horretan pentsatu nahi. Halabeharrez irabazi behar nuen bai.
Debut ederra egin duzu denboraldi honetan.
M.O. Parte hartu dudan lehen karreran irabazi dugu. Gonbidapen txartelarekin joan ginen eta bertako kopako lehen lasterketa irabazita, nire mailako eta Kantabriako kopako liderra naiz. Han egiten den hurrengo proban parte hartzera joango gara ziurrenik.
Zure taldearentzat ere garaipen ederra.
M.O. Ni bezala harrituta zeuden. Sekulako sorpresa izan zen bai. Orain moral handiarekin nago, taldean ere ardura handiagoa eman didate.
Norekin konpartitu zenituen lehen uneak?
M.O. Helmuga pasa eta segituan Lana taldekidea etorri zitzaidan zoriontzera. Baita Bidelanekoa eta baita gurasoak ere. Han ziren eta poz izugarria hartu zuten. Amaren urtebetzea zen astelehenean eta hari oparitu nion lore sorta. Zuzendariaren bostekoa ere jaso nuen.
Zer eskatzen diozu etorkizunari?
M.O. Piska bat gehiago eskatuko didate Azysa taldean eta, egia esan, hasi berri dudan denboraldia beste modura ikusten dut orain. Hobeto ibiltzea da nire helburua, oraindik ere hobby modura daukat txirrindularitza. Lehentasuna ikasketei ematen diet, Ingeneritza elektronikoa bukatzeko ikasturte bakarra falta zait.
Albiste onak ematen jarraituko duzu, beraz?
M.O. Ahaleginduko naiz, bai.
Igande honetan gertu arituko da, estatu mailako talde onenentsuekin lehiatuko baitira Asteasuko proban. Zorionak Mikel!