Hain zuzen, Etxabeen eta etxe-lurretako eremu finkatuetako beste lokalen erabilera aldatzeko esku-hartzeak arautzen dituen ordenantzari dagokiona. Mahai gainean geratu zen gaia, gerora deituko den batzar informatzaile batean aztertzeko. Zeresanik ez gaia agintaldi honetan alderdi ezberdinen arteko eztabaida iturri izan dela.
Hurrengo aztergaian bat agertu ziren alderdi guztiak. Berrasoetako gunean okupatutako lurren berreskuratze espedienteari hasiera ematea ontzat eman zioten ordezkari guztiek. Lurjabe batek bere lur eremuaz gain herriarena den ondoko lurretaz jabetu delako hartu da erabaki hau.
Euskara hizpide
Eztabaida piztu zen hirugarren aztergaian, euskara biziberritzeko plan estrategikoaren inguruan, hain zuzen. Batzarraldiaren aurretik komisioan aztertu zen gaia eta bertan agertu ziren zalantza berberak errepikatu zituzten ordezkari sozialistek eta popularrak. Alderdi sozialistak plan estrategiko horretan proposatzen ziren hainbat puntutan legalitatea hauts litekeela uste du. Zehazki, udalarekin harremana izan dezaketen herriko elkarteak edota enpresak. Koofizialtasuna eskubide bezala bermatu behar zela adierazi zuten sozialistek.
Udal gobernuaren izenean Maribel Vaquerok alderdi guztien eskura utzi zuen ordura arte lortutako informazio guztia. Ahoz jaso bezala, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren erantzuna aditzera eman zuen. EAEko erakundeak dio Urnietako plan estrategikoak ez zuela inolako legerik edota eskubiderik hausten.
Gaia korapilatuz joan zen eta eztabaidan sakondu ahala, beste gai eta batzarraldi batzuetan elkar adierazitako ezinikusia azaleratu zen. Tentsioak gora egin aurretik eta batzarraldia erabat mikaztu aurretik, gaia bozkatu egin zen. Gobernu taldearekin batera, IU-k aldeko botoa eman zuen. PSE-EE zein PP alderdiek abstentzioaren alde egin zuten. Sozialistek gai hau edo antzekoak onartu dituzte Buruntzaldeako gainerako herritan.
Batzarraldia amaitu aurretik, IUko Tomasenak erraustegiaren inguruan aurkeztu zuen mozioa zergatik ez zuen gai zerrendan txertatu galdera egin zion alkateari. Honek erantzun zion gai horren inguruan aspaldi hitz egin zuela Udalak.