Lan mundurako ate berria

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2007ko mar. 1a, 12:26

Enplegua enpresaren batean aurkitu beharrean, norbera lanpostuen sortzaile izatea. Enpresa batentzat lanean aritu beharrean, bezeroen beharrei erantzutea.
Hori da Andoaingo Udaleko Sustapen Ekonomikoa, Enplegua eta Gazteria Lansailetik proposatzen dutena. Norberak bere enpresa edo negozio propioa sortzea alegia.

Ahalegin horretan laguntzeko asmoz abian jarri dute “Andoain Ekinean” proiektu berritzailea. Askotan enpresa berri bat sortzeko asmoa dutenek bi kezka iturri izaten dituzte; proiektuaren finantziazioa eta tramitazioa nola gauzatu. Horregatik, “Andoain Ekinean”-eko bultzatzaileek negozio berri bat ireki nahi dutenei laguntza eta aholkularitza pertsonalizatua eskaintzen diete.

INFORMAZIOA ETA AHOLKULARITZA

Norberak egin nahi duena argi eduki eta horretan lan egiteko gogoa izatea nahikoa da. Hortik aurrera norbere enpresa ireki arte eman beharreko pausoak emateko aipatutako Lansaileko arduradunengana jo besterik ez dago. Bertan, haiekin izan beharreko lehen elkarrizketan, norberak duen proiektua azaldu eta aztertuko da. Horrekin batera, interesatuari beharrezko zaion informazio, diru-laguntza, orientazio edota baldintzen berri emango zaio. Baita eskura duen aholkularitza zerbitzuaren berri ere. Hain zuzen, horren bidez, aurkeztutako ideia edo asmo hori bideragarria den edo ez zehaztu eta negozio-plan bat egiteko aukera eskaintzen dute.

IDEIAK AURKEZTEN
Enpresa edo negozio berria zabalik dagoenean eta horren bultzatzaileak eguneroko lanean murgiltzen direnean askotan ez da denbora askorik geratzen negozioa bera ondo edo gaizki doan baloratzeko. Horretan ere, Udal langileek laguntza eskaintzen dute. Enpresa ireki eta lehen hiru urteetara luzatzen baita aholkularitza zerbitzua.

Dagoeneko zortzi herritarrek urte hasieratik martxan dagoen proiektuan parte hartzeko asmoa erakutsi dute. Oro har, estatistika datuen arabera, 30-35 urte arteko eta pertsona bat edo bi lagunez osatutako taldetxoak dira enpresa berri bat irekitzeko asmoa izaten dutenak. Lan munduan urte batzuk egin eta lanbideren batean nahiko esperientzia metatuta duten herritarrak izaten dira. Zerbitzuen alorreko negozioak gehienetan; ostalaritza arlokoak, enpresei zerbitzuak eskaintzen dizkietenak edota irakaskuntza akademiak.

Oraindik ere, enpresa berri bat irekitzeko kultura hori gure artean oso hedatua ez dagoela jabetuta, ikastetxeekin elkarlanean dabiltza. Enplegu bilatzaileez gain, enplegu sortzaileak ere hezteko. Azken batean, kultura ekintzailea etorkizuneko profesional berriengan sustatzeko.

Interesa duen edonork hurbil daiteke Urigain Etxera edota arduradunekin harremanetan jar daiteke 943 590 409 telefono zenbakira deituta edo leitzaran31@andoain.org helbide elektronikora e-mail bat bidalita.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!