San Markoseko Mankomunitateak konpostagailuak jartzen ditu familia guztien eskura, betiere lorategia edo baratzea badute eta etxean sortutako materia organikoaren hondakinak ongarri natural (konpost) bihurtu nahi badituzte. Ondoren, bakoitzak bere beharrak asetzeko erabili ahal izango du. Orain arte 300 familiak eskatu du fase berri honetan kanpainan sartzea eta jada hilabete batzuk badira itxarote-zerrendan sartuak daudela. Eskatu duten familiei eta eskatuko dutenei martxoan tailerren egutegia bidaliko zaie. Tailerrek ordu eta erdi irauten dute eta konposta egiteko modua azaltzen da. Amaitu ostean, familia bakoitzak doan hartu ahal izango du konpostagailua eta konpostatzeko eskuliburua. Horiez gain, esperientzia abian jartzen den lehenengo hilabeteetan kontsultak egiteko aholkularitza-zerbitzua izango da.
2005eko udazkenean San Markoseko Mankomunitateak eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Garapen Iraunkorrerako Departamentuak etxean konpostatzeko kanpaina abian jarri zuten. Harrezkero, jada Mankomunitatean 700 familia materia organikoaren hondakinak konpostatzen ari da. Familiako kideek ordu eta erdiko tailerretan parte hartu zuten, Mankomunitateko udalerri desberdinetan antolatu baitziren. Ondoren, doan eraman zuten konpostagailua eta eskuliburua etxera eta arestian aipatu den aholkularitza--zerbitzua izan zuten.
San Markoseko Mankomunitateak esperientzia hori arrakastatsutzat jo zuen eta beste 700 konpostagailu berri jaso ostean, berriz ere kanpaina abian jarriko du. Ildo horri jarraiki, konpostatzeko baldintzak biltzen dituzten familiei gonbita luzatu nahi die eta, horretarako, honako telefono-zenbakira deitu behar da: 943 67 02 49. Tailerretan parte hartzeko eta konpostagailua eramateko, ezinbestekoa da aldez aurretik izena ematea.
Neurri honekin ekimenaren erakunde sustatzaileek egunero sortzen diren hondakinen kantitatea murriztu nahi dute, lau kideko familiak sistema honekin gutxi gorabehera urtean 320 kg landare-hondakin konposta dezakeelakoan baitaude, azkenean etxean erabiltzeko 60 kg konpost lortuz.