Manifestazioa Donostiako Anoetatik abiatuko da arratsaldeko 17:00etan. CCOO, ELA, EHNE, ESK, LAB, STEE, Ezker Batua-Berdeak, Aralar, Batasuna, Zutik, Eguzki, Greenpeace eta Ekologistak Martxan taldeen babesa jaso du herri plataformen deialdiak.
Larunbateko manifestazioa iragartzeko, prentsaurrekoa eskaini zuen asteartean Errausketaren Aurkako Herri Plataformak. Juanjo Olaizola zubietarrak komunikabideen aurrean adierazi zuenez, “duela gutxi onarturiko direktiban, zaborra gutxitzeari, berrerabiltzeari eta birziklatzeari lehentasuna eman dio berriro ere Europak. Errausketa balorizazioa ez dela azpimarratu du, sortzen duen energia baino gehiago kontsumitzen duela. Baita ere industri kutsakorrenetakoa dela, gizakiarentzat zein elikatze-katearentzat sustantzia toxiko eta kutsakor izugarri arriskutsuak sortzen dituela”. Juanjo Olaizolak gaineratu zuenez, Europan ezarri den irizpidearen arabera, “zaborraren zati organikoa bereiztuta bildu behar da, eta tratatu egin behar da zabortegira botatzeko bada ere”.
Juanjo Olaizolaren esanetan, “hori guztia Plan Alternatiboan jasoa dago eta behin eta berriro errepikatzen dugu ematen ditugun hitzaldietan, baina ez da nahikoa, ez Luis Mari Oiarbide Garapen Iraunkorreko diputatuarentzat, ezta Odon Elorza, Ezeizabarrena eta konbenioaren alde bozkatu duten alderdietako kideentzat ere. Baina herritarrok berriro ere demostratuko dugu politikarien aurretik goazela, haien handikeriak salatu eta bidezko alternatibak martxan jartzen saiatuz. Horregatik berriro ere kalera irten beharra daukagu, oraingoan Donostian; Anoetako futbol zelaiaren ondoan”.
Esan bezala, sindikatu, alderdi eta talde ekologista askoren babesa jaso du manifestazioak: CCOO, ELA, EHNE, ESK, LAB, STEE, Ezker Batua-Berdeak, Aralar, Batasuna, Zutik, Eguzki, Greenpeace, Ekologistak Martxan.
Zubietakoen helegitea
Duela hilabete batzuk, Gipuzkoako Diputazioko Gobernu Kontseiluak konpostatze planta egin ahal izateko Urola Erdiko mankomunitatearekin akordioa sinatu zuen. Honen arabera, Azkoitiko, Azpeitiko, Zarauzko eta Zumaiako herritarrek beren hondakin organikoen zati bat konpost bihurtu ahal izango dute Lapatxen (Urolan) eraikiko den tratamendu plantan. Honen aurrean, Zubietako Herri Batzarrak helegite bat jarri du. Juanjo Olaizolak argitu utzi nahi du, “gu konposta egitearen alde gaude baina ez Foru Aldundiak proposatzen duen moduan”. Olaizolaren ustez, Foru Aldundiak egin duen proposamenarekin konposta erdizka egingo litzateke.
Andoainen lantaldea
Joan zen otsailaren hogeita zazpian herritar taldea bildu zen Basteron, erraustegiaren aurkako dinamika suspertzeko. Larunbat honetan egingo den manifestaziora joateko dei egiten dute, herrian ipini dituzten afitxen bidez.