Perez Gabarain Alkateak zerbitzua handitzeko eta hobetzeko egindako bileren berri eman eta laster albiste onak eskainiko zituela esanez amaitu zuen lehen agerraldia. EAko Xabier Huitzi zinegotziak hartu zuen hitza eta 2006ko azaroko batzarraldiaren aktak jasotzen zuena irakurtzeari ekin zion. Orduan haurtzaindegiaren inguruan, besteak beste, txostena osatzea edota interesatu guztien artean eztabaida sortzea erabaki zen. Aktak zioena irakurri ondoren, EAk salatu zuen Kultura eta Hezkuntza batzordean ez dela eztabaidarik egin edota txostenik eskatu. Gobernu taldea inposaketa ezartzen ari dela gaineratu zuen.
EAJ alderdiko Mikel Arregik gogora ekarri zuen ez zirela 2006ko azaroko batzarraldian izan eta, entzundakoak entzunda, abstenitu egingo zirela iragarri zuen.
Gabarain alkateak bigarrenez hitza hartu zuen gestioak egiten ari zirela errepikatzeko eta, ondoren, Toñy Landak adierazi zuen “3 urteko gela kenduko da. Erabakia argia eta behin betikoa da”. Orduan Huitzik galdera egin zuen zertara zetorrela gestio eta ikerketa berriak eskatuko zirela iragartzea, 3 urteko gela kentzea erabakita baldin badago.
Alkateak hitza eman zion haurtzaindegiko gurasoen bozeramale Kepa Sarasolari. Honek adierazi zuen oso larria iruditzen zitzaiola 2006ko azaroan hartutako konpromisoak ez betetzea. Gaineratu zuen gurasoak engainatuta sentitzen direla, haiekiko errespetu falta izan dela gaineratuz.
3 urteko gela kentzean eta gaia benetan aztertu gabe uztean Andoaingo Udalak irtenbide traketsa hartu zuela aurpegiratu zion Kepa Sarasolak Udal Gobernu taldeari. Bukatu aurretik gaiaren inguruan eztabaida irekitzea eskatu zuen.
Alkateak gaia bozketara eman zuen eta proposamena aurrera atera zen PP-PSE alderdien baiezkoarekin, IU-EAJ alderdien abstentzioarekin eta EAko aurkako botoarekin.
Gurasoek 0-3 urteko zikloari eutsi nahi izan diote hasieratik eta Udal Gobernu taldeak 0-2 zikloaren aldeko apostua egin du. Otsailaren 28ko batzarraldian onartutakoa eta gero, Galardin indarrean dagoen 0-3 zikloa ikasturte honetan amaituko da.