Luze eta zabal jo zuen eztabaidak eta ikusleek ez zuten batere garbi azkenean zein izan zen hartutako erabakia. Auzotarrak Aiurri astekarian iragarri bezala, udalari mozio bidez eskatzen zioten 1995 urtean arau subsidiariotan agertzen zen buklearen aipamena bertan behera uztea. Iritsi zen eztabaidatzeko unea eta sozialistek eta jeltzaleek Sorabillako auzotarrei gogorarazi zien haiek aurkeztu zuten idatziak ez zuela balio juridikorik. Alkateak auzotarrei gogorarazi zien haien aldarrikapenak jaso dituztela eta baita Aldundiko arduradunei helarazi ere. Alkateak udal ordezkariekin hitzartutako idatzia aurkeztu zuen alternatiba gisa, errepide sarea definitzen ari den erredakzio taldeari helarazteko.
Une horietan bi proposamen zeuden mahai gainean: batetik, EAk eta IUk sostengatu zuten Sorabillako mozioa. Bestetik, udal ordezkariek prestatu zutena. Egoeraren aurrean zer egin erabaki aurretik ordezkari politikoek eta Sorabillako auzotarrek hitz egiteko aukera izan zuten. Udal idazkariak ere hitza hartu zuen zein hitz eta esaldi agertu behar zen adierazteko. Alkateak une batez batzarraldia bertan behera utzi zuen erabaki irmoa hartu arte. Denbora tarte batez ordezkari politiko gehienak negoziatzen aritu ziren EAko mahaiaren inguruan. Huitzik Sorabillako Errotagain elkartekoei udal ordezkariek adostutako proposamena azaldu ostean, behin betiko erabakia zehazteari ekin zitzaion.
Udalak Aldundiari bidaliko dion idatziak bi zati izango ditu. Batean, auzotarren eskaera agertuko da. Bertan, bide sarea zehazten ari den erredakzio taldeari eskatzen zaio Sorabilla ingurutik doan buklea ezabatzea.
Horrekin batera Udal erabakian eskaera zuzena egiten zaio Foru Aldundiari: 2006ko abenduan Foru Aldundiak N-1 errepidearen inguruan hartutako erabakia baliogabetzea edota atzera botatzea.
Indarrean dagoen erabaki horren ordez lau puntutan laburbiltzen den alternatiba aurkeztu dio Andoaingo Udalak Foru Aldundiari:
•Trintxera bezala ezaguna den aukera baliogabetzea tunel naturala edo artifiziala eraikiz.
•Sorabillako eremuan aldeko irtenbidea aurkitzea bertan bizi diren andoaindarren kaltea txikitzeko.
•N-1 errepidearen ibilbidea Bordaberri eta Olabide etxebizitzetatik urruntzea.
•Trafikoa errepidean txertatzea Bazkardoko eremuan, Tolosako norabidean.
Azken batzarraldi honetan hartutako erabakian egon daiteke gatazka arintzeko irtenbidea. Batzarraldia amaituta, auzotarrak nekatuta baina konforme zeudela zirudien.