Kalkulagailuak aspaldi ez bezalako erabilera izan zuen orain bost urte. Erosi behar zen oro 166,386 zenbakiarekin zatitu beharra zegoen, eurotan zenbateko balioa zuen jakiteko.
Beste konturik ez zegoen otsailaren amaieran. Urte berriarekin euroa indarrean jarri arren, bi txanponen arteko elkarbizitza erabat desorekatua zen. Gehientsuenek ez zioten euroari erreparatu pezeta erabat desagertu zen arte.
Orduan ere merkatariek lan erantsia izan zuten. Haiek izan ziren txanpon berriaren hezitzaile eta aholkulari eraginkorrenak. Gizartea eurora prestatzeko ardura osoa merkatariengan utzi zen. Etsipenez pairatzen zuen egoera Salkineko eragile eta Andoaingo egunkari saltzaile Garikoitz Plazaolak, “Gure bizkarrean jarri da ardura handiena. Kasu askotan bankuaren funtzioa ere egin behar izan dugu herritarrak ez direlako bat-batean txanpon berrira egokitu”.
EUROAREKIN EUROTUTA
Inoiz baino gehiago itzulitako diruarengan eta ordainagirietan erreparatzen zen, eurotan zegoen prezioa ulertu beharra baitzegoen. Merkatariak estresak jota ibili zirela, alegia. Bezeroek, oro har, mesfidantza baino jakin-mina zuten. Neurri handi batean ulertzekoa zen, 2002ko urtarrilaren batetik otsailaren 28ra bitarte pezetatan ordaintzen zuenak kanbioa eurotan jasotzen baitzuen.
Gauzak ez dira hainbeste aldatu. Txanponaren gaia zen 2002 urtean, tabakoaren makinak dira bost urte geroago. Legeen bermea merkatarien esku balitz bezala, inongo agiri ofizialetan horrelakorik agertzen ez bada ere. Meritua, merkatariena. Eta pazientzia.
Buruko minez izan zen bat baino gehiago. Erosketa egin eta gero kanbioa jaso eta kalkulua egiten jartzen zen bat baino gehiago.
AZKEN PEZETA, LEHEN EUROA
Ataka horretan bada ideia ederra izan zuenik. Kontseiluak euskara suspertzeko dirubilketa egin zuen, “Azken pezeta, lehen euroak euskaren alde” titulupean. Ur nahasi horietan pezetak errazago askatu zituzten euskaltzaleek.
Gaur egun pezetak erreferentzia izaten jarraitzen du, diru kopuru handietan batez ere.