Algodonerako emakumeei omenaldia

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2007ko ots. 27a, 06:37

Aurtengo Nazioarteko Emakume Langilegoaren Eguneko ospakizunetan, Algodoneran lan egin zuten emakumeak izango dira protagonista nagusiak Andoainen.

Aspaldi lantzen ari zen egitasmoa martxoan gauzatuko da: La Algodonera Guipuzcoana lantokian lan egin zuten emakumeei omenaldia. Andoaingo industrializazioa nekez uler daiteke Algodonera gabe. Baina lantoki erraldoi hura ere ezin aurrera eraman emakumeen partaidetzarik gabe. Ezinbesteko bilakatu zen haien partaidetza. Nola, gainera. Hutsik ez egiteko haurtzaindegia eta guzti ipini zuten Algodonerako ugazabek. Mojek hartu zuten haurtzaindegiaren ardura.

Aspaldiko garai haietan, baita gaur egun ere, berritzailetzat hartu zen erabaki hura. Beharrak eragindako erabakia izan zen, etekinak bikoiztu nahi dituenak langileak behar dituelako. Haurrak ez zuen arazo izan behar, horregatik haurtzaindegia ezartzean arazoari irtenbidea aurkitu zitzaion. Langileak lasai egon zitezkeen lanean, haurra nork zaindu bazuten eta. Lantokiaren kontura, gainera.

Andoaingo Udalak bertan lanean jardun zuten emakumeak omenduko ditu martxoaren hamaikan, igandearekin, eguerdiz izango den ospakizun ofizialean. Algodonerako emakumeen papera gogoratuko duen plaka ipiniko da izen bera duen plazan. Bide batez, han lan egin zuten emakumeak omenduko dituzte. Miren Zarraga, Niko Langara, Felicitas Irigoras eta enparauek emozioz biziko dute omenaldia.

ATZERATU DEN OMENALDIA
Udalak 2005eko udazkenean Algodonerako langileen errolda osatzeari ekin zion. Zeregin horretan izan ziren historialariek herritarren laguntza eskatu zuten errolda hori egiteko. Hasiera batean 2006ko martxoan egin beharrekoa  zen omenaldia. Urtebeteko atzerapenarekin egingo da omenaldia, beraz.

Andoaingo garapena XIX. mendean eraikitako enpresa honi zor zaio, hein handi batean. Gurdibideak eta nekazaritza ordezkatu zuen La Algodonera Guipuzcoana fabrikak.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!