Sailkapena ikusita, garaitezin zaudete…
Elijio Rodriguez. Oraingoz bai. Partida bakarra galdu dugu. Gurekin batera bi talde daude maila igotzeko aukera gehien dituztenak: Kantabriako Pereda eta Bilboko Madre de Dios.
Hiru taldeen eta gainerakoen artean alde handia dago.
Denboraldian txukun ari gara, gazte jendea dugula kontutan hartuta. Maila hau ez da gorena eta bestetik oso partida onak atera zaizkigu.
Barrenetik, nola ikusten duzu taldea?
E.R. Zer hobetua badago. Gazte jendea dago, batzuk gurekin bi urte besterik ez dituzte egin. Adina, bataz beste hogei urtekoa da. 16-17tik hasi eta 27 urtera arteko jokalariak ditut.
Nola motibatu irabazten jarraitzeko?
E.R. Hori oso zaila da. Partida errazetan kolokan jartzen gara eta orduan ez dago besterik. Ordura arte erakutsi ez duten kontzentrazioa atera behar dute barrenetik. Partida maldan gora jartzera ohituta daude dagoeneko, aurkari erraz askoren aurka gertatu zaie.
Horrek hasarretzen al zaitu?
E.R. Bai, eta dexente gainera. Partida erosoak nahi ditut. Baina ezinezkoa da.
Nolakoa da liga hurrengo asteetan?
E.R. Joan etorriko bi itzulitan hamaika taldeko liga jokatzen ari gara. Lehen biak Euskal Ligako Lehen Mailara igoko dira. Apirileko lehen asteburuan amaiera emango zaio ligari, beraz orduan jakingo da eskura dugun saria lortuko dugun edo ez.
Aukera handiak daude azken aurreko partidarako erabakita egotea dena.
Datozen jardunaldiak, beraz, hil ala bizikoak dira?
E.R. Bai, azken bi partidak oso garrantzitsuak dira guretzat. Sailkapeneko laugarrenaren eta bigarrenaren aurka lehiatuko gara.
Horretarako geratzen zaizkigun partidak irabazi behar ditugu. Ezusteari ezin diogu lekurik utzi beraz, tentuz ibili beharko dugu partida guztietan.
Nola bukatu beharko zenukete, lehen biren artean?
E.R. Lehen postuan bukatzea da nire asmoa. Bigarren mailatik lehenera igoko gara. Merezi dugula uste dut, egin ditugun meritu guztiak igotzeko dira. Saria litzateke jokalarientzat.
Liga berriaz zer?
E.R. Iaz Ohorezko Mailan aritu ginen, oso talde gaztearekin. Jaitsiera azken partidan gauzatu zen. Igo beharra dugu, bai, bestela inor gutxi geratuko da hemen.
Andoainen jende gehien erakartzen duzuen taldea zarete?
E.R. Etxean edota kanpoan gurasoak eta klubeko talde eragilea gurekin izaten ditugu. Egia esan, jasotzen dugun babesa oso handia da.
Zuk zehazki zenbat urte daramazu taldea zuzentzen?
E.R. Gutxienez bost bai. Oso gustura nago, hitza emanda daukat hemen eta dagoeneko ez naute hemendik botatzen! Saiatu arren ez naute botatzen…
Eragileak eta jokalariak gurekin daude. Adibide bat jartzearren, liga honetan busez joaten garen bakarrenetakoak gara.
Zorte on denboraldi amaierarako.
E.R. Eskerrik asko.