Helburua, euskara

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2007ko ots. 26a, 14:41

Igande honetan Euskararen Nazioarteko Eguna izango da. Ospakizunak, aldarrikapenak  eta hizkuntza beraren egoera ahotan hartuko dute batek baino gehiagok. Aiurrik euskarari buruz jardungo zuten hiru emakumerekin hitz egin du; omenduko den hizkuntza ikasten dabiltzan hiru euskaldun berrirekin.

Madalen Praderak, Olga Outeiralek eta Tere Carballaresek hiru ezagurri dituzte amankomunean; gurasoak dira, Egape ikastolako  Aballarri guraso elkartean daude eta hirurak euskaldun berriak dira. Hernaniko AEK euskaltegian urte batzuk daramatzate. Talde bereko kideak dira; 6.urratsean ikasten dihardute. Bertara hurbiltzera bultzatu zieten arrazoiak ezberdinak dira; seme-alabekin komunikatzeko gaitasuna eskuratzea eta haiei etxeko lanetan laguntzea, lanpostuak berak halako edo besteko hizkuntza maila izatera behartzea edota eguneroko bizimoduan jatorrizko hizkuntza erabili nahi izatea.

ZAILTASUNEI AURRE EGITEN, IKASTEN
Helburuak argi dituzte baina horiek lortzeko bidean, ikasketa prozesuan alegia, edozein hizkuntza ikasterakoan gertatu ohi dena bizi izan dute. Hainbat zailtasunei aurre egin beharra. Ikasgelan, gramatika arloak buruhauste dezente eragiten dizkiete. “Aditzen taulak oso zailak dira”, adierazi du Terek. Kalean, euskaltegian ikasitakoarekiko etena somatu dute, euskaldun zaharrekin gehienbat. “Elkar ezin ulertu”, Olgaren hitzetan.  Baina lehen pausoak emanak dituzte. “Dendatan orain hasi gara hitz batzuk esaten”, gogoratu du Madalenek. Euskara ahotan hartzea ez da lan erraza haientzat. Adibide bat jartzearren, urduritasunak euskaraz haserretzea eragozten die. “Seme-alabei haserrea adierazteko euskaraz hitz egiten hasi eta erdarara igarotzen naiz”, adierazi du Madalenek.


Lotsa, urduritasuna, norbere buruagan segurtasun eza… hasiera batean euskaldun berri askok dituzten sintomak ohi dira. Baina uste dutena baino gehiago dakite. Euskaltegiak hori gainditzeko eta ikasleen helburuak betetzeko bideak jartzen dizkiete. Baina hortik aurrerako hobekuntza norbere esku dago. Horregatik, Olgaren hitzetan, “euskaltegia terapia bat da. Lotsa alboratu behar da”.

GOGOR, EUSKARA BERE EGIN ARTE
Gainditzeke dituzten oztopoak izan arren, ondo pasatzen dute. Euskara oso modu atseginean ikasten dihardute. Hizkuntzari berari lotutako edukiez gain, hainbat ikastaroetan parte hartzeko aukera dute. “Oso gustuko dut euskaltegiko ikasketa metodoa”, baieztatu du Madalenek.

Euskararen lekuko berriak dira. Euskararen egoera normaltzen laguntzen dutenak. Garai batean, euskaraz mintzatzea debekatua zegoen. Iraganetik gaur egunera euskararen egoerak hobekuntza nabarmena bizi izan duen bezala, aurrera begira ere hiru euskaldun berriak oso baikorrak dira. “Euskara ez da galduko. Gure seme-alaben belaunaldiak erabiliko du”, adierazi du Terek.

Hiru emakumeek ere ez dute etsiko. “Euskara behar bezala hitz egiten ikasi arte hortxe jarraituko dut”, adierazi du Olgak. Berarekin batera izango dira Tere eta Madalen eta euskara bere egin nahi duten beste hainbat lagun ere.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!