Aurtengo honekin, laugarren maratoia burutu du Jokinek: “Lehendabizikoa izan zen gogorrena, ondorengoak errazago egin ditut. Aurtengo maratoian hiru orduko denbora egitea pentsatua nuen. Maratoietan erbi lanak egiten dituzten korrikalariak ateratzen dira. Erbi horiek txartel baten bidez adierazten dute zein denboraren barnean ibiliko diren eta korrikalari bakoitzak aukeratzen du zein erbirekin joango den. Ni hiru orduko taldetxoan sartu nintzen. Hemezortzigarren kilometroan, ordea, talde horretatik aurreratu egin nintzen. Nekea etorri zitzaidan ondoren eta taldeak harrapatu eta pasa egin ninduen”. Helmugan, 03:01:15 izan zen Jokinen denbora: “Pozik nago egindakoarekin, nire helburua bete nuen”. Herritarren eta familiartekoen txaloen faltarik ez zuen izan Jokinek: “Korrika noanean, bide bazterretan dagoen jendea ikusteko aukera izaten dut eta poza ematen du ezagunak ikusteak. Eskerrak eman nahi dizkiet etxekoei emandako animoengatik”. Aizkorrikoan ere bai Iraila inguruan hasi zen Jokin maratoirako prestatzen: “Prestakuntza gogorra da, maratoia bera baino gogorragoa nire ustez. Nik astean bost egunez entrenatzen dut eta janaria gehiegi zaintzen ez badut ere, saiatzen naiz garbi jaten”. Donostiako maratoiaz gain, Aizkorriko maratoiean ere parte hartu du Jokinek aurten. “Niri gogorragoa egiten zait errepidean korri egitea mendian baino. Mendian errazago pasatzen zait denbora, gainera, aldapa behera zoazenean pixka bat deskantsatzeko aukera izaten da”, azaldu du. Jokinekin batera beste lau asteasuar izan ziren maratoian, baina horietako bik ez zuten bukatzerik izan: “Oso erraza da maratoi bat ez bukatzea, edozer gauza gerta daiteke. Gainera, buruak lan asko egiten du eta horrenbeste kilometrotan, askotan pasatzen zaizu burutik lasterketa uztea. 30. kilometrotik aurrera izaten dira momentu zailenak. Fisikoki ondo prestatuta egon behar da, baina psikologikoki ere indartsu egon beharra dago”, dio Jokinek. Denboraldiko helburu nagusia bete du Jokinek Donostiako maratoiarekin, “hemendik aurrera lasaiago ibiliko naiz. Urtea amaitzeko, San Silbestre lasterketan aterako naiz, Amasa-Villabonan”.