Maketa Lehiaketan zuen abesti bat saritu dute? Ruben Ramos: Aurkeztu genituen bost abestietatik “Earthworms and airbirds” (Lurreko txitxareak eta aireko txoriak) abestiak entzuleen hirugarren saria jaso du. Eguneroko bizitzari egindako kritika bat da. Pozik, entzuleek emandako saria baita? Beñat Ayensa: Bi sari mota zeuden. Sarietako bat bere irizpideak jarraituz epaimahai batek ematen duena; bestea, entzuleek sarean emandako botoengatik eskuratzen dena. Hiru finalisten artean sailkatu ginen. Guretzat opari bat da, gauza bat epaimahai batek esaten duena baita; bestea, entzuleek gustuko dutena. Lorpen handia izan da. R.R.: Askok maketa oso ona dela esan digute. Poza ematen du, gure musikan gehiago sinesten laguntzen baitigute. Maketa musikalki nola definituko zenukete? Joseba Bernardo: Hard Core estilokoa. B.A.: Entzuten duzunarekin lan egiten duzu. Zenbat eta gehiago entzun, orduan eta joera musikal gehiago jasotzen duzu eta hori diskan nabari da. Maketa lan hori plazaratze bidean doa? Karlos Garcia: Maketarekin arazo dezente izan ditugu. Berriro Bartzelonara bidali behar izan ditugu. B.A.: Autoedizio bat egin nahi genuen, 500 kopiakoa. Maketarekin kontzertuak eskaini, taldea ezagutarazi eta gero, lan berria egiten hastea zen asmoa. R.R.: Urnietan eskaini genuen kontzertuan diskorik gabe gelditu ginen. Asko diskoa erosi ezinik geratu ziren. Udalarekin entseguetarako lokala izateko hitzarmena sinatu duzue? J.B.: Iaztik dugu lokal hori. B.A.: Duela denbora askotik genbiltzan lokal eske. Lan egiteko oinarrizko euskarria baita. Ikusten da, lokala lortu aurretik denbora luzean ia ez dugula ezer lortu; orain, gune hori izanda hilabete gutxitan maketa dugu. Iaz sortu zenuten taldea. Beste musika taldeetatik zentozten? J.B.: Hasieran Ruben eta ni entseguetan hasi ginen nire garajean. Estilo oso ezberdinak jorratu genituen. Gero Beñat sartu zen, baina oraindik bateria jolerik ez genuen. B.A.: Donostian lagun batzuekin beste musika talde bat bagenuen. Maketa atera genuen. Baina taldeak ez zuen ondo funtzionatzen eta, gu hirurok koadrilakoak garenez, biltzea bururatu zitzaigun. R.R.: Dendatan kartelak jarri genituen. Baina lokalik gabe eta bateria jolerik gabe jarraitzen genuen. Donostiako bateri jole bat urte erdiz egon zen. Hiriburura egunero autobusean joan behar genuen anplifikatzaileekin. K.G.: Gure artean elkar ezagutzen genuen. Donostiako beste musika talde batzuetan egona nintzen. Proiektuak aurrera ez zirela ateratzen eta talderik gabe nengoela ikusita, Urnietara etortzea proposatu zidaten. Proiektua gustatu zitzaidan eta aurrera egin dugu.