Herriko kirolariek aurten lortutako kirol emaitza bikainak txalotuz hasiko da aurtengo kirol asteburua. Eta ez da nolanahiko urtea izan 2006a. Abenduaren 15ean, ostirala, arratsaldeko 19:30etan hasita, balentria horietako baten berri jasotzeko aukera izango dugu, Iriarte Etxean izan ere, Iñaki Urkola, Aitziber Ibarbia eta Kandido Aizpurua zizurkildarrek Gasherbrum II-ra egindako igoera ikusentzunezko baten bidez azalduko baitute. Ikusentzunekoaren ondoren etorriko da omenaldiaren tartea. Hiru mendizaleez gain, Joseba Otaegi aizkolaria, Modesta Iraola ehiztaria, Aitor Castro futbolaria eta Danena Halterofilia Taldeko Ekaitz Kortajarena, Teddy Martinez, Jon Tejedor, Lourdes Gorostegi, Igor Sasian, Jon Ander Iriarte, Iker Hernandez, Julen Intxausti, Mikel Quintana eta Asier Gallego pultsulariak izango dira omenduak. Nazioartean bikain Aurreko urteetan bezala, kirol emaitza bikainak lortu dituzte Danenako pultsulariek. “Estatu mailan emaitza onak izan ditugu eta nazioarte mailan, aurreko urteetan baino askoz ere hobeto ibili gara. Ekaitz Kortajarena eta Teddy Martinez munduko junior txapelketa garrantzitsuenean izan ziren, Albanian. Horren ondoren Ekaitz joko Iberoamerikarretan izan zen, Kolonbian. Udaran Igor Sasiain eta Jon Ander Iriarte Sueziara joan ziren hamazazpi urtez azpiko Europako txapelketa jokatzera. Horregatik esan dezakegu oso maila onean aritu garela”, dio Batis Kortajarena entrenatzaileak. “Datorren urterako ere emaitza onak mantentzen saiatuko gara. Omenduak direnen artean hainbeste pultsulari ikusita, norbaitek pentsa dezake erraza dela halterofilian aritzea, baina hori ez da inola ere horrela. Estatu mailan gutxienez hirugarren geratzea eskatzen zaie omenduak izateko, eta hori ez da batere erraza”, dio Kortajarenak eta eskaera bat ere gehitu du: “Errendimentu altuko zentru bat behar dugu Euskal Herrian. Gure gazteak kanpora joan beharrean izaten dira, eta askok ez dute nahi izaten. Zerbait egiten hasi beharra dago”. Batis Kortajarena berak iaz jaso zuen zizurkildarren omenaldia, halterofiliaren alde urte askotan zehar egindako lanagatik.