Herriko jaietan, herritarrek eraikinaren barnealdea ezagutzeko aukera izan zuten, eta orain, irekieraren zain daude instalakuntzak erabili ahal izateko. Herriak azken hilabete hauetan bizi dituen aldaketa nabarmenen barnean, eraikin berriaren sorrera dago. Etxebizitza berriak sortu eta bizilagun berrien etorrerak, azpiegitura berrien beharra azpimarratu zuen eta behar horren harira sortu zen Kultur Etxea. Aiurri aldizkaria herritar talde batekin bildu zen eta denak bat etorri ziren eraikina oso polita dela esatean. Pello Alkain, Iñigo Diaz, Irati Otaegi, Julen Jauregi, Ibai Urbieta eta Asier Diez gazteak gogotsu ageri dira Kultur Etxearen irekieraren zain. “Gustuko dugu eraikina. Agian, kolore biziagoekin margotzea egokiagoa izango litzateke, baina gainerantzean, gustuko dugu”, diote. Gehienek, barneladea ikusteko aukera baliatu zuten. Kristina Garde eta Olga Basterretxe ere bat datoz gazteekin. “Eraikina oso polita da, orain, betetzea falta da. Hori ez da erraza izaten eta gutxiago herri txiki batean”, azaldu dute. Ideia mordoa Eraikin berriaren erabileraren inguruan, hainbat ideia dituzte. “Aiztondok antolatzen dituen ikastaroak Kultur Etxe berrian izango dira. Horrez gain, ondo legoke haurtzaindegia edo eskola txikia bertan izatea. Ez da erraza hori lortzea, baina asko eskertuko genuke”, diote Kristinak eta Olgak. Gazteek ere hainbat ideia dute eraikin berrirako: “Bideo jokoetan aritzeko gela bat jartzea nahiko genuke eta filmak ikusteko pantaila handi bat jartzea ere ez legoke gaizki, zenbat eta pantaila handiagoa, hobe”, diote. “Eguraldi txarra egiten duenerako kirolen bat egiteko gela izatea gustatuko litzaiguke. Ping ponga, paddlea, gimnasioa, judoa, karatea…, horrelakoak. Eskatzen hasita, estalitako igerileku bat ere gustura hartuko genuke”, gaineratu dute gazteenek. Ideien faltarik ez dute larrauldarrek: “Herriko gazteek musika instrumentuekin entseguak egiteko gune bat ongi etorriko litzake”.