Azken boladan, gure herriaren historiarekiko interesa piztu egin dela esan daiteke eskualdeko herritarren artean. Astelehenero, Aritza elkarteak antolatuta, Euskal Herriaren iragana ezagutzeko, Villabonako Gurea zineman biltzen den jende kopurua ikusi besterik ez dago. Joan zen igandean, berriz, Amasako kultur taldeak antolatuta, jende ugari bildu zen Amasako baserrien historia eta arkitekturaren berri jasotzera. Goizeko 09:30etan berrogei lagun inguru elkartu zen baserriz baserriko ibilbidea egiteko. Besteak beste, Larrañaga, Musturi-Azpi, Mikel Igartza, Muñiki eta Andrategi baserrien atarian egin zituzten geldialdiak. Ibilbidea baserriz baserri Juantxo Agirre arkeologoa arduratu zen ezaugarriak azaltzeaz eta baserria bizirik dagoen elementua dela agerian utzi zuen. Ezaugarri arkitektonikoak ikusita, garaian garaiko irakurketa egin daitekeela azaldu zuen. Amasako baserri ugarik mantendu ditu garai ezberdinetako ezaugarriak; egurrezko zutabeak, leiho jantziak, arku itxurako ateak… Ibilbidea egitera jende multzoa abiatu bazen, askoz ere jende gehiago hurbildu zen Kultura Etxean eguerdian egin zen aurkezpenera. Aretoa txiki geratu zen eta gerturatutakoek adi entzun zituzten Juantxoren hitzak. Amasa aipatzen den idatzizko lehen aipamena duela 1000 urte ingurukoa dela adierazi zuen tolosarrak eta eskualdeko lehen biztanleak nola bizi ziren azaldu zuen, “pentsa daiteke Gipuzkoan ere lurrean eraikitako egurrezko behe-plantako etxeak edo txabolak izan zirela baserrien aurretik eraiki zituzten lehenak. Tolosa herria eraiki baino lehen, errekaren ondoan bazen bizia dagoeneko: lautadak aprobetxatzen zituzten herriak osatzeko. Altzo, Anoeta, Irura, Zizurkil edo Amasa nekazari herrixkak ziren, herri txikiak”. Amasaren kasuan, eraiki zuten harrizko lehen etxea eliza izan zen. “Historian sartu zirenetik, helburu nagusia antolakuntza izan zen amasarrentzat. Eta antolakuntza elizaren inguruan egin zuten. Amasarrek aukeratu zuten apaiza edo erretorea eta beraiek eraiki zuten eliza urte luzetan zehar. Elizaren lehen aipamenak XIV. mendekoak dira”. Garai hartako herritarrek ikuspegi ezberdina zuten Juantxoren hitzetan, “eliza ez zen meza entzuteko lekua soilik. Elizaren barruan eta inguruan amasarren arbaso guztiak lurperatuta zeuden. Arbasoekiko harremana oso garrantzitsua zen beraientzat, aiton-amonekikoa nahiz gurasoekikoa. Elizan gauzatzen ziren pertsonen bizitzako une garrantzitsuenak ere: jaiotza, ezkontza eta heriotza. Bestalde, nekazaritzaren arloan egin beharreko lanak ere elizan antolatzen zituzten. Hori guztiagatik Amasako lehen harrizko etxea elizarena izan zen”. XVI. mendeko elizaren aurretik, ordea, ba omen zegoen beste bat, “XVI. mendeko eliza ezagutzen dugu, baina lehenago bazegoen beste bat gutxienez. Elizaren oholaren azpian 1005 urtetik 1800 urtera arte lurperatutako amasarren belaunaldi guztiak agertu ziren, baina horren azpian baita aurreko gizartearen aztarnak zituen beste eliza bat ere”. 1541ean hasi ziren amasarrak eliza eraikitzen “hamabi urtean zehar lanak amaituko zituztela pentsatzen bazuten ere, ia mende osoa igaro zuten lanean. Oso gustura egin zuten lan, eliza helburu nagusia baitzen haientzat”. Harrizko baserriak 1450 urtetik aurrera Nekazarien harrizko etxeak eraikitzen 1450 urte inguruan hasi ziren. Hainbat izen ageri da idatzietan: Marrubitza, Goikoetxea, Muñoki, Lizarraga, Garmendia, Igerategi, Esaondo… “Harrizko baserriak eraiki arren izenak mantendu zituzten. Etxeek izenak zituzten eta etxeek ematen zioten izena bertan bizi zirenei. Hori Gipuzkoa osoan gertatu zen. Kasu batzuetan 400 urtean mantendu ziren izenak”. Garai ezberdinetako ezaugarriak mantentzen dira Amasako hainbat baserritako paretetan. Larre, Larrañaga, Musturi-Azpi edo Andrategi dira guztien artean berezienak. Geroago eraikitako Etxe-Ondo jauregi itxurako baserriak ere aipamen berezia izan zuen, beste askoren arten.