Hiruzpalau urte zituztela hasi ziren June, Ione, Leire, Goretti eta Maddi antzerki eskolan parte hartzen. “Gustura dabiltza, eta hori da helburua. Eskolaz kanpoko ekintza bat da eta ezin du izan pisuegia, bestela, berahala aspertuko lirateke. Joko ezberdinen bitartez ikasten dituzte gauzak. Psikomotrizitatea lantzen dugu, ahotsa, sentimenduak adierazten ikasten dugu, gorputza ezagutzen dugu, taldean lan egiten ohitzen gara…, baina beti jolasen bitartez. Testuak buruz ikasteko ere memoria lantzen dugu. Horretarako, adibidez, musika erabiltzea gustatzen zait, musika pieza bakoitza antzezlanaren atal bati dagokio”, dio irakasleak. Ikasturte bukaeran emanaldiak eskaintzen dituzte. Baserri munduko pasadizoak, pailazoenak, txalupa batean izandako abenturak…, denetarik egitera animatzen dira Larraulgo gazteak. “Iaz, esaterako, beldurrezko pertsonaiak irudikatu genituen. Beste hainbat ekintza zeudela eta, hiru hilabeteko ikastaroa bakarrik egin genuen, eta ez genuen prestatzeko denbora gehiegirik izan, horregatik aukeratu genuen gai hori. Iazko ikastaroa motzegia iruditu zitzaigun, eta aurten, berriro ere ikasturte osokoa egitea erabaki zen”, dio Kristinak. “Ikasturte bukaerako emanaldira gurasoak eta lagunak etortzen dira, eta gustuko izaten dute”, dio Leirek. Gustuko tokian… “Oso gustura aritzen gara”, aitortu dute bost ikasleek aho batez. “Antzerkia egitea ez da zaila. Zailena, beharbada, testuak ikastea da. Batzuetan nahastu egiten gara, gauza bat esan nahi, eta beste bat ateratzen zaigu. Jendearen aurrean egin beharra ere ez da erraza, lotsa ematen du”, dio Ione Agirrek. “Momenturen batean barrerik ez egitea ere ez da erraza. Gertatu izan zaigu antzezlana egiten ari garela zerbait gertatu eta barreari ezin eustea”, gehitu dute. Zortzi urte daramatza Kristinak antzerki eskolak ematen. “Alkizan hasi nintzen eta geroztik hainbat tokitan ibili naiz. Larraulen hasi nintzela bost urte pasatxo izango dira. Beraiekin ikasi dut antzerkia irakasten. Esperientziak esaten dizu zer egin behar duzun. Argi daukat jolas moduan hartu behar dela, umeek ondo pasa behar dutela. Larraulen argi dago etortzen direnak oso gustura etortzen direla, gustatzen zaielako. Beste herri batzuetan baditut gurasoek behartuta etortzen direnak, eta nabaritu egiten da. Hemen lehen haur gehiago zebilen, baina aspertu egin dira eta utzi egin dute. Aspertuta egon arren jarraitzea baino hobea da garaiz uztea”. Udaletxeko goiko solairuan aritzen dira. Laster, ordea, eraikin berrira joango dira. Toki gehiago eta azpiegitura hobeak izango dituzte han.