Laurehun urteko baserria suntsitu zuen suak, baina zorionez, ez zen zauriturik izan. Lizardi etxean bizi da orain Arretxeko familia. Teodoro Otegi, Karmen Urkola eta bere bi seme alabak, Jexux Mari eta Mari Karmen bizi ziren Arretxe baserrian, azken hauek elbarriak. Baserriaren ondoan eraikitako ikuilu berrietan zegoen Aitor Alkain, ustiapenaren jabea. Begiak malkoz bustitzen zaizkie gertatutakoaz gogoratzean: “Goiz hura egunero bezala hasi zen. Astelehena eta ostegunetan bi seme alabak Donostiara joaten dira, errehabilitaziora eta goiz hartan, hamaikak aldera joan ziren, beti bezala. Ni nere lanetan ari nintzen. Kanpora atera eta kea ikusi nuen, ke beltz-beltza. Mandiotik zetorrela konturatu nintzen. Aitorri deitu nion. Eskaileratan gora igo eta sua ikusi genuen, artean su txikia zen. Tuboak, gomazko mangerak, tabloiak, kajak eta horrelakoak zeuden mandioan eta segituan zabaldu zen sua. Beldurtu egin ginen eta kanpora joatea erabaki genuen. Suhiltzaileei deitu genien, baina haiek etortzerako dena suak hartuta zegoen”, azaldu zuen Karmenek. “Batzuek suhiltzaileak azkar etorri zirela esaten dute, eta beste batzuk denbora asko pasa zutela. Tolosatik etortzeko, azkar etorrita ere, denbora pasa egiten da, eta bitartean, baserria erre zen”, gaineratu du Mari Karmenek. Bizilagunen laguntza “Bizilagunak berehala hurbildu ziren, ez zen jende faltarik, baina ezin zen ezer egin. Etxean alderik alde pasilo luzea zegoen, mandiotik geletara. Inondik ezin zen sartu geletara, lehiotik sartzea zen aukera bakarra. Nere gelan sartzea lortu zuten eta nere arropa ateratzea lortu zuten, argazkiren bat ere bai, baina gainerantzean, beste ezer ez. Karnetak eta gainerako dokumentazio guztia bertan kiskali zen”. “Inorrek ez du minik hartu. Hori pentsatu eta aurrera egin beharra dago. Gauez izan balitz, akabo denok. Haizea ibili balitz ere askoz ere okerragoa izango litzake, aldameneko ikuilua ere harrapatuko luke eta. Etxean ni bakarrik nengoen momentu horretan, laguntzera etortzen zaigun neskarekin. Koinatua, medikuarenera atera berria zen eta seme-alabak Donostiara. Neska ez zen sua zegoenik konturatu, nik abisatu nion eta korrika batean atera zen etxetik, aspiradora arrastaka zuela. Berak deitu zien suhiltzaileei, ni ez bainitzen ezertarako gai”, dio Karmenek. “Bi seme alaben gurpildun aulkiak atera genituen Aitorrek eta biok. Horiek salbatzea lortu genuen, baina arroparik ez zaie geratu, ezta alerik ere. Gauza asko galdu ditugu, baina pena handiena eman didana ezkontza eraztunak galdu izana da. Sukaldean nituen, betaurrekoekin batera eta han geratu zaizkit. Askotan galdetzen diot nere buruari zergatik ez ote nintzen haiek hartzera korrika sartu, baina momentuan ez zitzaidan bururatu, eta hori dut pena. Hamaika ikusteko jaioa naiz”. Mandioko bonbilak Oraindik ez da argitu sua zerk eragin zuen, baina Karmenek bere susmoen berri eman digu: “Bi bonbila zeuden mandioan eta tartean kable luze bat. Nire ustez han hasi zen sua. Ez dakigu ziur, baina nire irudipenerako, han hasi zen”. Arretxe baserriaren ondoan behi ustiapenerako ikuilu berriak daude, baina txekor jaio berriak baserrian edukitzen zituzten. “Suhiltzaileek atera zituzten, guk ezin izan genuelako. Askotan hogei bat txekor izaten dira, baina egun horretan bost txekor besterik ez zeuden”, dio Karmenek. “Ordenagailu bila sartu zen Aitor, baina kearekin ez zen ezer ikusten eta pantaila bakarrik atera ahal izan zuen. Ofizinako gauza guztiak, dokumentazio guztia kiskali egin da”, gaineratu du Mari Karmenek. Arretxen, kanpoko lau ormak geratu dira zutik. “Egun askotan zehar ketan egon da eta txingarrak ikusten ziren. Suhiltzaileek bi egun eta bi gau pasa zituzten han, bada ezpada”, dio Karmenek. “Sutearen hurrengo egunean zerbait salbatzea lortu zuten, etxearen zati bat ez zelako hainbeste erre, kongeladore handi bat, adibidez, ateratzea lortu zuten. Azken egunetan zati hori erretzen joan da”, azaldu du Mari Karmenek. “Lehenengo sutean erre ez zena, ondorengo egunetan galdu da. Ni goizero joaten naiz. Inpresio handia egiten dit baserria horrela ikusteak etxeari buelta eman, eta lehiotik begira egoten naiz. Egunen batean berriro itzultzeko asmoa dugu”, dio Karmenek. Bitartean, Udalak kasu hauetarako