Oso gustuko izan dut mundu hori, baina orain aspertuta nago. Lotsagarrikeri handiak egiten dira, zikinkeria asko dago idi apustuetan. Esaterako, Aian egindako abere apustua lotsagarria izan zen. Jendeari lapurreta egin diote. Sarrerak saldu eta jende asko geratu zen ikusi ezinik. Ni neroni kanpoan izan nintzen eta nere ondoan bazen jendea sarrerak eskuetan izan, eta sartu ezinik geratu zena”, dio Martinek. “Ulertzen ez duenak apustu hura ikusi eta oso ondo ibili zirela pentsatuko du, baina harri horrekin korrika ibiltzea ez da normala. Apustu hartan ez ziren gauzak ondo egin. Hasi baino lehen beti altxatzen da harria, nola dagoen ikusteko, eta Aian ez zen egin. Epaileak eta parte hartzaileek bazekiten harria ez zegoela ondo, eta hala ere, aurrera egin zuten. Apustuaren aurretik, 34 plaza egitea espero zuten aberearekin, eta 64 egin zituzten. Hori ez da normala eta bere hartan geratu da. Lotsagarria da. Ez zuten garbi jokatu”, dio Martinek. IKUSPEGI KRITIKOA “Idiak eta abereak dopatzen ere geroz eta gehiago ikusten da. Nik neronek askotan ikusi izan dut hori. Asko, drogatu gabe sekulan ez dira apustura joaten eta gainera, ez dira joateko gauza. Ez dakit nola konpondu daitekeen hori, baina zerbait egin beharra dago. Epaileak ez badu hori ikusten, zer gertatzen da? Froga amaitu ondoren idiek tiratzen jarraitu nahi izaten dute eta hori ez da normala. Aurreko batean, Errexilen egindako froga batean, idia hil egin zen. Azken bost urte hauetan asko gertatzen ari dira horrelakoak. Ibiltzen ez den idi bat erosi, drogatu eta aurrena ibiltzen ikusia. Foru Aldundiak egiten ditu antidoping frogak, baina ez dute sekulan inor arrapatzen. Nola da posible? Ez al diote antzematen hazienda hori ez dagoela normal? Zikinkeria handia dago mundu honetan era azkenean, zerbait gertatuko da. Konponbidea norberak jarri behar du, baina momentuz, ez du itxura onik”. “Astean hiruzpalau aldiz entrenatu beharra dago idiekin, ondo prestatzeko. Orain alferrikakoa da ordea prestatzea, izan ere prestatu gabeko idiekin irabazten baitu edonork. Abilidaderik ez duenak irabaztea ez zait batere gustatzen. Gogorik gabe geratu naiz. Zertarako ibili horrela? Lehen apustu asko jokatutakoa naiz eta inorrekin ez dut haserrerik izan. Orain, denak elkarrekin haserretuta dabiltza eta horrek izango du arrazoiren bat”.