Herrian euskararen egoera nolakoa den aztertzeko lehendabiziko pausoak emanak dira dagoeneko. Batetik, erabileraren inguruko datu kuantitatiboak aztertu dira Eustatek bildutako datuak ardatz harturik. Eta kantitateaz gain euskararen kalitatea neurtzeko, herriko hainbat eragile edota elkarteetako ordezkariekin bildu dira Siadeco-ko kideak. Datu horiek guztiak bildu ondoren, gaur egun euskarak herrian bizi duen egoeraren inguruko diagnostikoa idatzi dute. Siadeco-ko Juanjo Allur eta Loinaz Azurmendik azaldu zituzten Euskara Biziberritzeko Plan Nagusiaren nondik norakoak. Hemendik aurrera eman beharreko urratsen artean, Euskararen Aholku Batzordea osatzea legoke. Herriko eragile, elkarteetako kide edota herritarrez osatuko da lantalde hau eta gehienez ere, hamar kide izango ditu. Hilaren erdialdean hasiko dira lehen bilerak egiten. 2007 urterako Kudeaketa Plana onartzea da helburua. Udalean ere euskaraz Euskara Biziberritzeko Plan Nagusiaz gain, bereziki Udalarentzat diseinatutako Euskara plana ere diseinatu dute. Hilabete honetan bertan onartu eta martxan jartzea espero dute Udaleko kideek. Modu horretan bertako langileen arteko harremanetan, zein herritarrekin dituzten harremanetan, euskararen erabilera sustatu eta orokortu nahi dute. Siadeco-ko kideek eginiko azterketatik, hainbat ondorio plazaratu dute. Batetik, eta indargune nagusi gisa, Asteasuko biztanleen %85,2 euskaldunak direla azpimarratu dute, eta %77,37, euskaldun zaharrak. Gainera, 25 urtez azpikoen artean, hamarretik bederatzi euskaldunak dira. Hala ere, euskararen erabileran zenbait ahulezia ere antzeman dute, esaterako herritarrek hitanoaren erabilerak atzera egin duela nabaritu dute, hizkuntzaren naturaltasunean eraginez. Gainera, euskararen bitartez integratzea lortzen ez duen herritar multzo bat ere badagoela antzeman dute. Laster hasiko da lanean Euskararen Aholku Batzordea, aurrerantzean jarraitu beharreko pausoen lehen zirriboroa osatzeko helburuz. Datorren urtea amaitu baino lehen Kudeaketa plana onartzea da helburua. Lan horiek burutu ondoren etorriko da Asteasuko Euskara Biziberritzeko Plana gizarteratzeko unea.