Eskola asko hazi da azken urteotan. Zein behar sortu zaizkizue hazkunde horren ondorioz? Irene Olazabal. Batez ere, espazio arazoa sortu zaigu. Ikasle kopurua bikoiztu egin zaigu hamar urteren buruan eta horrek arazoak ekarri dizkigu toki aldetik. Orain, bost urteko haurrak eraikin handian daude, tokirik ez dagoelako. Gela handi bat zatitu behar izan genuen horretarako. Arazoari konponbidea eman nahian, Hezkuntza sailarekin eta Asteasu eta Larraulgo Udalekin hitz egitea erabaki genuen. Hezkuntza sailetik, haur hezkuntzako eraikinari hiru gela gehitzea planteatzen dute, baina Udalak beste proiektu bat aurkeztu du. Gaur egungo eraikinaren ondoan beste eraikin bat egitea proposatzen dute. Oso proiektu ona iruditu zitzaigun eta Hezkuntzakoei aurkeztea erabaki genuen. Hasieran jarrera itxia agertu zuten, gehiegizkoa zela esanez. Ondoren, ordea, beste ate bat ireki zen, haur eskola eraikin berri horretan sar zitekeela esanez. Udalak dagoeneko erosi ditu eskola ondoko lursail batzuk. Modu horretan aparkalekuen arazoari ere irtenbidea emango litzaioke, eskola osoa gune bakarrean bilduko litzakeelako. Proiektua aurkeztuta dago, eta orain erantzunaren zain egon behar dugu. Gauzak ondo joanez gero, 2008an eskola berria izango dugu. Eraikin berriak zazpi gela inguru izango lituzke, psikomotrizitate gela, jangela… Eguzki plakak, PC Tabletak, Webgunea… teknologia berriak erabiltzen dituzue, aurrerantzean proiektu berriak badituzue? I.O. Hiru gelatan arbel digitalak ere badauzkagu. Haur Hezkuntzan ere jartzeko asmoa dugu, baina kostu handia du. Webgunean berriz, haurrek egindako lanak jartzen ditugu eta beraiek ere askotan jotzen dute horra informazio ezberdina lortzeko. Guraso elkartea lanean ari da. Zein da haien ekarpena? I.O. Gela bakoitzetik ordezkari bat izaten da. Eskola batzordea hilean behin elkartzen da. Bertan daude gurasoak, irakasleak, Udalak eta administraritzako kide bat. Guraso elkarteak bere aldetik asanbladak antolatzen ditu, gai zehatzen inguruan eztabaidatzeko. Haurrak igerilekura eramateko ardura gurasoek dute, kulturako hainbat ekintza ere haiek antolatzen dituzte, meriendak… , ardura asko hartzen dute. Kanpotik etorritako haurrak hartzeko plan berezirik ba al duzue? I.O. Baditugu guraso kanpotarrak dituzten haurrak, baina hemen jaiotakoak dira. Asteasun etxebizitza asko eraiki da eta badira beste herrietatik etorritako familiak. Gehienak herrian ondo girotu direla esango nuke, nahiz eta baden etxea lotarako bakarrik erabiltzen duenik ere. Naturatik gertu bizitzearen ideiak bultzatuta etortzen dira, baina ez dira konturatzen horrek beste zerbait eskatzen duela. Haurrak badituzu, herrian girotzen saiatu behar duzu eta Asteasura etorri diren gehienek hori egin dutela esango nuke.