Antton Amonarriz Kultur Etxeko gela isiltasun eta barne gogoetarako gune bihurtzen dute ikastaroak irauten duen bitartean. Argiak itzalita, kandela bat erdian dutela aritzen dira, musika atseginaren laguntzarekin.
Bost emakume elkartu ohi dira ikastaro honetara. Irakaslea andoaindarra da, orain 15 bat urte ikasi zituen meditazio teknikak eta horiek praktikan jartzen saiatzen da. Larraulen taldea sortu berria bada ere, Andoainen ordea duela urte asko sortu zen irakasle berberak zuzentzen duen meditazio taldea. “Orain 10 urte hasi ginen meditazio taldearekin Andoainen, astelehenero biltzen gara, 10-15 lagun”.
Meditazio prozesua
Meditazioa gure barnerako bidaia bat da, ikastaroko irakasleak azaldu duenez. “Meditatzeko beharrezko baldintza da lasaitzea, lehenengo gorputza eta gero burua. Ondoren, arreta gauza konkretu batean ezartzearen bidez, barne zarata eta kezkak daramatzan burmuineko aldea isildu egiten dugu. Eta hor, gure alde izpiritualarekin bat egiten dugu, hori da meditazio egoeran egotea.”
Barne lasaitasun egoera horretara iristeko oso garrantzitsua omen da arnasketa,“pixkanaka gorputzeko atal bakoitzeko energia esnarazteko”. Gainera, isiltasunak ere berebiziko garrantzia du.“Egun ez dakigu isiltasunarekin bizitzen, baina barne bake hori lortzeko garrantzitsua da”, zehaztu du.
Horrelako ikastaroak ugaritzen ari dira.“Egun daramagun martxari aurre egiteko bide bat da meditazioa, eta horregatik ikastaro hauen gorakada etengabea da. Estresaren aurkako antidoto bat da, fisiko eta mentalki hobeto egotea ahalbidetzen duena”.
Ikastaro ugari martxan
Meditazioarena ordea, Larraulen eskaintzen den ikastaroetako bat besterik ez da. Meditazioaz gain, helduentzat gitarra ikastaro bat ere abian da. Haurrek ere badute non parte hartu, eurei zuzendutako lau ikastaro martxan baitaude. Momentuz behintzat, ezin da esan larrauldarrek Kultur Etxe berriari probetxurik ateratzen ez diotenik.