Goizeko 09:30etan Larraulgo plazan elkartu eta bi taldetan banatuta abiatu ziren ikasleak aitzurrak hartuta. Zaharrenak Murgil aldera igo ziren eta txikiak berriz, herrigunetik gertu aritu ziren gaztainondoak landatzen.
Hirurogeita hamar ikaslek parte hartu zuen otsailaren 15eko zuhaitz egunean eta hogeita hamasei zuhaitz landatu zituzten. Giro ezin hobea izan zuten. Zerua urdin, eguraldi goxoa eta lanerako gogoa ez ziren falta izan. Autobusak ekarri zituen Asteasuko haurrak Larraulgo plazara. Bertan zituzten zain larrauldarrak.
Aitzurrarekin trebe
Bi taldetan banatu ziren, lehenengo eta bigarren mailako haurrak herrigunetik gertu geratu ziren eta helduenak Murgil aldera abiatu ziren, oinez. Txikiek pozik ekin zioten lanari. Haiek iristerako prest zeuden zuloak eta zuhaitz landareak. Binaka jarri eta batek zuhaitz landareari zuzen eusten zion bitartean, besteak zuloa tapatzen zuen, aitzurrarekin. Txandaka aritu ziren, aitzurrak nekea izaten baitu berekin. Hogei gaztainondo landatu zituzten gaztetxoek, batzuk Murgil aldera igotzen den errepide bazterrean eta beste batzuk hilerri inguruan. Murgil aldera joandakoek beste hamasei landatu zituzten. Hemendik urte batzuetara, zuhaitzak hazten direnean, gaztain bila hurbiltzeko asmoa azaldu zuen batek baino gehiagok, pozik.
“Dagoeneko zuhaitz eguna ospatzen den bosgarren aldia da aurtengoa. Lehendabizikoan Larraulen egin genuen landaketa. Bigarren urtean landatutako lehen zuhaitz haiek ikustera etorri ginen eta beste batzuk gehiago landatu genituen. Ondorengo bi urteetan Asteasun egin genuen landaketa eta azken urteetan Larraulen”, azaldu du Pello Errotako irakasle batek.
Aitzurrarekin trebezia badutela erakutsi zuten Pello Errotako txikiek eta lana bukatu ondoren, hamaiketakoa egiteko geldialdi bat egin zuten. Helduek bere aldetik, Murgil aldean egin zuten landaketa, giro ederrean haiek ere.
Asteasu eta Larraulgo herri langileak eta irakasleak izan zituzten laguntzaile landaketa lanetan. Guraso batzuk ere animatu ziren lana erraztera. Udaberria iristearekin batera izango da zuhaitz berri horien hostoak ikusteko aukera.