Soziologia Klusterrak burutu du aurten ere euskararen kale erabileraren azterketa, 2001ean egin moduan. Kalean entzundako elkarrizketak aztertzen dituzte ikerketa honetan, zein hizkuntzatan izan diren, nor ziren mintzakideak eta beste hainbat aldagai kontuan hartuz. Zizurkilen, 1018 lagunen elkarrizketak neurtu dituztela zehaztu zuen aurkezle lanetan aritu zen Larraitz Garmendiak.
2006ko urrian egindako neurketaren arabera, zizurkildarren % 62ak euskaraz hitz egiten du kalean, hau da, bildutako ehun elkarrizketatik 62 euskaraz izan ziren. Erroldaren arabera berriz, euskaraz hitz egiteko gai den zizurkildarren kopurua % 63koa da. Adin taldeka, haurren %91k euskaraz hitz egiten du, eta haurrak elkarren artean ari direnean, euskara da entzuten den hizkuntza bakarra. Gazteetan % 60ak hitz egiten du euskaraz, helduetan %59ak eta adinduetan %49ak.
Auzoka neurketa eginda, Zizurkil Goian hitz egiten da euskara gehien, bertan bildutako elkarrizketen %88 euskaraz izan baitziren. Beste hiru auzuneetan nabarmen jaisten da kopuru hori, Aurrera inguruan %61a da euskararen erabilera, Ubaren %57a eta Bulandegin % 51a, hain zuzen. Haurrak tartean direnean, berriz, euskara erabilera 14 puntu igotzen dela ere nabarmendu zuen aurtengo ikerketak.
Sinesgarritasun gutxi
Datuak aztertzen hasita, ordea, hainbat alorretan nabarmena da ikerketa honen sinesgarritasun falta. Erabilera orokorrari dagokionean, euskaldunak diren ia guztiek kalean euskaraz hitz egiten dutela dio ikerketak (%63), erabileraren datua %62koa baita. Hori ordea, ia ezinezkoa da estatistikoki, esaterako; euskaldunek, herena diren erdaldunekin apenas hitz egiten dutela esan nahiko bailuke.
Haurren erabilera datuak ere harridura sortu zuen aurkezpenean bertan. Ekimen ezberdinetan Zizurkilgo haurren begirale izan direnen arazo nagusiena haurrek erdaraz hitz egiteko duten joera da, baina ikerketa honen arabera, haurrek euskaraz soilik hitz egiten dute elkarren artean. Aurkezpenean bertan zehaztu zen haurren arteko elkarrizketa gehienak Zizurkil Goian hartu zirela, baina datu horrek berak zalantzan jartzen du ikerketa osoaren sinesgarritasuna.
Gogoeta egin beharra
Garbi dago hurrengo neurketetarako gogoeta sakona egin beharra dagoela. Ainhoa Larrea kultura teknikariak aurkezpenean nabarmendu bezala, “hurrengoan bereizita aztertu beharko lirateke Zizurkil Goia eta Elbarrena”. Izan ere, Zizurkil Goiko datuek Elbarrenako errealitatea desitxura dezakete, kontuan hartu behar baita zizurkildarren kopuru txiki bat bizi dela Zizurkil Goian. “Euskararen alde lan asko dago egiteko”, nabarmendu zuen Larreak aurkezpenaren amaieran. Ez baita ahaztu behar Zizurkil dela Aiztondon euskaldun kopuru txikiena duen herria.