AHT-rekin, harrobi berriak eskualdean

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2007ko ots. 23a, 14:27

Zizurkilen eta Amasan harrobi berriak egitea aztertzen ari dira.

AHT-aren eraikuntzak behar duen porlan eta harri kopurua lortzeko, hainbat harrobi berri egiteko asmoa dute erakundeek. 2001eko EAE kararrizko lurren lurralde plan sektorialaren baitan egindako azterketaren arabera, egun daudenez gain, harrobi berri ugari beharko lirateke. Horietako biren kokalekua Aiztondon egon daitekeela zehazten du plan horrek, Zizurkilen eta Amasan hain zuzen. Zizurkilen Zarate Haitz eta Erramu Haitz mendietan kokatuko litzateke harrobia, beti ere plan horren arabera. Lurpekoa izango litzateke Zarate Haitzen inguruko harrobi zatia, eragin bisual txikiagokoa alegia. Erramu Haitz mendian berriz, harrobi edo kantera irekia izatea aurreikusten da.
Amasan, Otsabi errekan hasi eta Aldaiturrirainoko tartean egingo lukete harrobia, Usamendi Berri eta Goikoetxea Goikoa baserriak dauden eremua hartuz. Harrobi hau bietarikoa, lurpekoa eta irekia izatea aurreikusten du 2001eko planak. “Printzipoz AHTarentzako irekiko dira harrobiak baina gero jakin ezazu, behin irekita itxiko ote dituzten edo ez”, ohartarazi dute Aiztondoko AHTaren aurkako taldekoek.

Hondakindegiak
Harrobiez aparte, tunelak egiteko ateratako lur eta hondakinak uzteko tokiak ere behar dira. Emiliok adierazi duenez, “hiru hondakindegi daude aurreikusita Andoainen. Guneak ondo zehazteko daude, baina herriko tuneletatik ateratako 642.000 metro kubiko lur horrelako guneetan botako lituzkete”. Aiztondoko taldean ez dute hondakindegiak jarriko dituzten guneen inguruko informaziorik, “zurrumurruak besterik ez” zehazten dute. Zalantzarik gabe, AHTaren eraikuntzak ekarriko dituen zeharkako ondorio horiek ere emango dute zeresana.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!