Eskualdea itxuraldatuko duen trena

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2007ko ots. 23a, 14:25

Gorabehera ugariren ostean, Abiadura Handiko Trena egiteko lanak hasiak dira hainbat lekutan. Eskualdean izango lukeen eragina aztertu du Aiurrik.

Milaka milioiko aurrekontua du Abiadura Handiko Trenaren egitasmoak. Zenbakiei begairatuta soilik, garbi dago AHTa dela gure artean azken mendean egin den azpiegitura lan handiena. Beterri- Aiztondo eremuan, lau herri gurutzatuko lituzke Abiadura Handiko Trenaren ibilbideak: Asteasu, Zizurkil, Aduna eta Andoain. Lurrazaletik metro gutxi dgo aurreikusita, gehiena lurpean joango baita. Biadukto edo zubiak ere izango dira ordea. Asteasu eta Zizurkil artean, Zizurkil eta Aduna artean eta Andoainen, Nazional bataren gainean egingo dituzte biadukto horiek (Ikus, mapa).

Trena baino gehiago
Abiadura Handiko Trena ordea, bere ezaugarriengatik, trena baino gehiago da.
“Ez da ohiko trena. Trenaren itxura du baina hegazkinaren parekoa da distantziei, geldialdiei eta energia gastuei dagokionez. AHTa lurretik doan hegazkina da”, zehaztu du Andoaingo AHTaren aurkako mugimenduan urteetan lanean ari den Emiliok.  Tren bat baino gehiago dela aipatzean, dituen segurtasun neurriak nabarmentzen dituzte Aiztondoko AHTaren aukako taldeko taldeko kideek. “Ibilbideak guztiz itxita egon behar du, trenbide alboetan 15 metro behar ditu beretzat eta baita metro ugari dituen hesi bat ere. Horrek trenaren inguruan harresi moduko bat sortzea dakar”.
Horrez gain, bestelako hainbat ondorio ere azpimarratu dute, esaterako, zarata.“Trena tuneletatik abiadura handiz ateratzean zarata itzela izango da, are gehiago gure orografiarekin, soinuak oihartzun izugarria egingo baitu. Izan ere, askotan zuloak diren lekuetan aterako da trena. Hori ez da baloratzen, baina inguruko biztanle eta herrientzat oso latza izango da”.  Tuneletan kilometro asko egingo dituen garraiobidea izanda, akuiferoei eragingo dien kaltea ere aipatu dute Aiztondoko taldekoek.“Urbinan, lanak hasi diren lekuan, mendiko ubide bat puskatu eta zikindu dute jada”.

Hiriguneei begira
Eskualdeko herritarrentzat AHTa funtzionaltasun txikia izango duen garraiobidea dela salatzen dute Azpiegitura honen aurkako mugimendutik. “Hasteko, ez du geltokirik gure eskualdean. Hiriak komunikatzeko tren bat da, bailarei kalte eginez. Euskal Hiria kontzeptuaren baitan egindako proiektua da, landaguneak ahaztuz”. Emilioren ustez, “AHTak urrun dagoena gerturatu baina gertu dagoena urrunduko du. Tren honek ez du aldiriko garraiorako balio, hirien barnean geratuko baita, eguneroko mungimenduen %97 eskualdeen artekoa izan arren”.
Urrun dagoena gerturatuko duela argi dago, halere. AHTaren bultzatzaileek egindako aurreikuspenen arabera, Donostiatik Madrilerako bidea egiteko esaterako, bi ordu eta laurden beharko luke tren berriak.
Azpiegitura honek ekarriko lituzkeen beste onuren artean kamioak gutxitzearena aipatu izan da. Emiliok datu hori zehaztu nahi du. “Mila kamioi kenduko dituela esaten dute, baina hamaika mila dira egunero Euskal Herrian ibiltzen direnak. Gainera, kopuru hori etengabe haziz doa.” Horrez gain, garraiorako trena izango den ere zalantzan jartzen dute Aiztondoko AHTaren aurkako taldean. “Frantzian jada esaten da Abiadura Handiko Trena ez dutela garraiorako egingo, hemen hori saltzen duten bitartean”. Emilioren ustez, “kamioiak berdin-berdin egongo dira, trena egingo da, Superportua egingo da… Garapen eredu jasanezin baten parte da guztia”.

Informazio falta
AHTaren proiektuari egin zaion kritika nagusienetako bat informazio falta izan da.
“Informazioa lortzeko ez dugu batere erraztasunik eduki. Zizurkilgo Udalean zerbait jakin genuen orain pare bat urte, baina orain jada ez digute inongo informaziorik ematen”, kexatu dira Aiztondoko AHTaren aurkako kideak. Emiliok ere Andoaingo Udalak informaziorik ez duela ematen salatzen du. “Udaletxetik diote ez dutela informaziorik eta ezta proiekturik ere! Suposatzen da proiektu hori Udalak eduki beharko lukeela, ezta?”
Informazioa ez ematearen atzean herritarren erantzunaren beldurra dagoela uste dute AHTaren aurkako taldeetatik, “Argi dute gauzak ondo informatuz gero jendea aurka aterako litzatekela, eta hori ez dute nahi”. Halere, izan dira herri galdeketa batzuk . “Urbinan, Gasteiz inguruko 20 kontzejuetan eta Itsasondon egindako galdeketetan garbi ikusi da herritarrek proiektu honi eman dioten ezezkoa. Beste herrietan ordea, ez dira ausartzen informazioa eman eta galdeketa egitera”.
AHTaren inguruan informatu eta ekimen ezberdinetan parte hartu nahi izanez gero, euren ateak zabalik daudela adierazi dute proiektu honen aurkako mugimendukoek.

MENDI MARTXA martxoaren hamarrean
Aiztondoko taldea esaterako, Villabonako Gaztetxean biltzen da Asteartero, iluntzeko 19:30etan. Informazioa zabaldu asmoz, AHTa igaroko den lurretatik mendi martxa antolatu dute martxoaren 10 eta 11ko astebururako, Zizurkilen hasi eta Hernanin amaituz.

 

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!