Aipatzekoa da, bete duen urte kopurua, egun, Urnietan dagoen herritarrik beteranoena baita. Berak aipatzen duen bezala, “hala esaten due”. Edozein kasutan, kontuan izatekoa iruditzen zaio bere adina, jakinda ez direla asko izaten urte kopuru hori betetzera ailegatzen direnak. “Beldurra ematen du, zaharrena naiz eta” adierazi du irribarre artean Aranburuk. Hain bizitza luzea izateko sekreturik ba ote duen galdetuta, giltzarria norbere buruari kontu egitean dagoela aitortu du. Batez ere, egunean zehar egin beharreko otorduetan.
ESPERO GABEKO BISITAK
Azken egun hauetan, bisita ugari izan ditu etxean. Ezusteko pozgarri asko. Isilean, berak ezer jakin gabe gertuko jendea etorri baitzaio berarekin urtemuga ospatzera. “Bizirik dauden sei anai-arrebak etorri dira”, aipatu du Joxepak.
Zekien gauza bakarra norbait etorriko zitzaiola zen. Ilobek egun horrek eskatzen duen egokierara jantzi zuten. Baina ez bere nahiaren aurka, berak irribarre artean ondo dioen bezala, “hala prestatzea gustatu egiten zait eta”. Elkarrizketarako ere dotore asko jantzita zegoen.
Urteak betetzen diren egunean, urte berrirako bezala, eskariak egiten dira. Aranburuk argi du zer nahi lukeen. Ez du inolako zalantzarik. “Ibiltzea. Ibili ezina, hori daukat ba txarra”, aipatu du. Bizitza osoan ez baita gelditu ere egin. Gipuzkoan zehar batetik bestera ibili da lanean. Bizitzak lekuz aldatzera eraman duela dirudi. Urnietara duela hogei urte etorri bazen ere, Ezkio-Itsason jaio zen. Gaztetan, Antzuolara joan ziren bizitzera. Bertan ezagutu zuen, gerora bere senarra izango zena; Juan. Berarekin Bergaran ezkondu eta bertan bizi izan ziren. Joxepak dioenez, “santu izena zuen eta bera ere halakoa zen”.
Seme-alabarik ez du izan, baina amaren papera behin baino gehiagotan egitea egokitu zaio. Hamar anai-arrebetatik bigarrena, bere senide gazteenak zaindu izan ditu. Baita gehiago ere. Zubietako Aliri baserriko haurrak bezala. Hiru urtez izan zen lanean. Gogoan du, haien gurasoek ezkontzara joan behar zuten eguna. Haurrak zeinekin utziko zalantza omen zuten. “Joxepak zainduko ditu. Joxepak bai zea zainduko ditu”, ari omen ziren gurasoak Aranburuk oroitzen duenez. Proba eguna izan zen hura. Joxepak anai-arrebekin izan zuen eskarmentuak lagundu zion. “Haurrak jantzi nituela ikusita, konforme eta lasai joan ziren”, adierazi du Aranburuk.
Bizitzak hara eta hona eraman duen bezala, lanean ere hala aritu da. Zubietan bezala, Zumarragako Urola Hotelean zerbitzatzen ere aritu zen.
MEZETATIK ZAHAR EGOITZARA
“Ez dira 30 urtera ailegatuko hemen bizi naizen urte kopurua”, adierazi du Joxepak. Hasieran, Urnietatik bere bizilekura joan etorrian aritu ostean, duela 25 bat urtetik modu finkoan Urnietan bizi izan da. Herria oso gustukoa du. Jubilatu zenetik bere txoko gogokoena izan du Zaharren Egoitza. Mezetatik atera ostean, “karta jokoan aritzen ginen”, adierazi du.
Mendeurrena betetzeko urte gutxi falta zaizkio. Denbora hori guztia igaro eta askotan nahi izan arren, bizitzan egiteko aukerarik izan ez den zerbait gelditu ohi da askotan. Bere kasuan, ordea, ez du horrelakorik. “Ondo bizi naiz eta, bizi ahal den artean. Gutxienez beste urte bat eskatu behar da. Gehiago ezin eskatu”, aipatu du. Bere urtebetetze egunaz gogoratu direnei eskerrak eman nahi dizkie. Zorionak Joxepa! Eta segi horrela!