Marka berria ipini zuen Sardonek Euskadiko Sei Orduetan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2007ko ots. 23a, 13:17

Miren Urkiola bizkaitarra gainditu eta ehun kiloko harri zilindrikoari bost minutuko denboran hamar altxaldi emanez, errekor berria jarri zuen aurreko larunbatean.

Telleria anaien laguntzarekin, Marijosek hasieran hartutako erritmoa mantentzen jakin zuen bukaera arte, aldiz, Urkiolak nahiz eta harria altxatzeko garaian teknika hobea erakutsi, azkenerako nekeak eta ezinak gainditu zuen eta bi altxaldi baliogabeen ondoren, zortzi aldiz bizkarreratzearekin konformatu beharrean izan zen.

POZIK, EMAITZAREKIN
Froga ez zitzaion erraza egin Sardoni. Euskadiko Sei Orduak prestatzeko entrenamendu saioak lasai egin bazituen ere, marka hauste berria, urduritasun batean egin zuen. “Izugarri sufritu nuen”, adierazi du Sardonek. Lehia bizia izan zen, Urkiolari bi jasoaldi baliogabetu bazizkioten ere, Sardonek adina altxaldi egin baitzituen. Urnietarraren
hitzetan, “oso parekatsu gaude”.
Saioa burutu artean, lortu zuenaz pentsatzeko tarterik ez zuen hartu. “Taulagainetik jaistean konturatu nintzen zer egin nuen”, gogoratzen du Sardonek. Eta jabetzearekin batera, egindako marka haustearekin pozik zegoen.

TEKNIKA LANTZEA, HURRENGO ERRONKA
Harria ondo jasotzerakoan, norberak duen indarra erabakigarria izan daiteke. Baina altxaldia egiteko moduak ere
garrantzia du. Indarrak ia dena egin dezake, baina ez guztia.
Horregatik, hemendik aurrerako saioei begira erronka berria du urnietarrak; harria jasotzeko teknika lantzea. Sardonen esanetan, “lehian norbere buruarengan konfidantza izateko”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!