Jabeak izan ez arren, Aranburutarren belaunaldi ugariren bizilekua izan da Buruntza-Etxeberri baserria. Duela bi urte arte, familiako bi kide bizi ziren. Ordutik hutsik dago baserria. “Pena ematen du. Oso hondatua zegoen, baina haien txokoa zen”, gogoratu du haien iloba Ana Mari Aranburuk. Pitzadura ugari zituen, handik ez oso urruti kokatzen den harrobiagatik. “Lurrikara ugari izan dira”, gogoratu du bere osaba Martin Aranburuk. Orain, dagoeneko langileak bertan dira. Baserria botatzeko lanak hasi dituzte.
Eraikina barrutik hutsik egon bada ere, inguruak bizirik mantendu dituzte. Ana Mariren aita, osaba eta haien lagunak, jubilatu zirenetik duten ohiturari eutsiz, baserri ondoko txabolan biltzen dira. Baita orain ere, lanak hasi direnean. Gainera, azken unera arte, saihesbide lanek eragotzi dioten arte, Aranburu sendiak baratzeko lanei eutsi die. “Duela zortzi egun atera genituen azken porruak”, adierazi du Martinek. Hemendik aurrera, bizi osoan lurrean landatu eta bertatik emandakoa hartzen aritu ostean, orain, dendatara joan behar produktuak erostera.
ONDARE HISTORIKO GISA KATALOGATUA
Harriz egindako baserriko balkoi azpi batean, txarteltxo bat ikusi omen zitekeen. 1877. Urte horretan berritu omen zuten eraikina. “Lehenago erre egin baitzen”, gogoratu du Martinek. Karlistadek utzitako ondorioa izan omen zen; baserri asko erreta gelditu baitziren. Baina noiz eraikia izan zitekeen, Arantzadikoek argitu zieten. Elkarteko kideek baserria bisitatu zutenean, historia luzeko eraikina zela zioten. “400 bat urte omen ditu”, aipatu du Martinek.
Buruntza-Etxeberri baserria hainbat jairen lekuko izan da. Sanrokeak adibidez. Goizean meza ospatu ostean, bazkaria baserriko atarian ospatzen zuten. Soinujole eta guzti. Hemendik gutxira, ordea, baserriko arrasto bakarra geratuko da. Eta hori ere ez jatorrizko lekuan. Sarreran dagoen arkua da. Ez du edozein arku izan behar. “Foru Aldundiko katalogoren batean sartua omen dago, adierazi du Ana Mari Aranburuk. Zaintzeko ondare gisa katalogatu omen zuten. Saihesbide lanengatik aipatutako baserria behera botatzea erabaki ostean, Foru Aldunditik eskutitz bat bidali omen zuten Andoaingo Udalera. Arkua bera non jartzea nahi zuten galdetuz. Horretan geratu zen guztia. Baina baserria eta bere inguruko lurrak ondoan eraiki zuten lantegiarenak dira. “Orain, arkua nonbait jartzeko eramango dute”, adierazi du Ana Marik.
GOTORLEKU 36KO GERRAN
Eraikinak bazuen bestelako berezitasunik ere. Buruntza mendiaren magalean kokatua, eraikia izan zen altueraz baliatu nahian edo, ezohiko leiho batzuk zituen beheko solairuan. Etxe barrutik kanporantz estutzen zihoazenak. Andoaingo herri gunera begira. “Gerra garaian armak edo eskopetak leiho horietatik atera eta tiroa botatzeko izango ziren”, adierazi dute osaba-ilobek.
Pasarte eta istorio askoren lekuko bihurtu da baserria. Baita ezkutuko sekretu edota zurrumurruen txoko ere. Diotenez, oso baliotsua zen zerbait gordeta zegoen baserri inguru horretan; urrea. “Gerra garaian bi polizia etorri eta etxea miatu zuten. Urrea izateko fama zuen etxe honek”, adierazi du Martinek. Hala ere, oraingoz behintzat, horrelakorik ez dute aurkitu. Historia luzea duten beste eraikin asko bezala, Buruntza-Etxeberri baserria botatzearekin batera desagertuko dira kondaira, istorio eta mendeetako hainbat kontu zahar. Baita, herriko ondare historikoaren zati bat ere.