Parisko Auzitegiak joan den udazkenean ez zuen onartu Bidart baldintzapean aske uztea. Bidartek helegitea aurkeztu zuen, eta orain, bai, onartu dute. Alabaina, defentsako abokatuek salatu zuten epaileek eman argudioak legez ez zirela baliagarriak. Epaileek erran zuten Bidartek urte gehiegi iragan zituela preso, eta baldintzapeko askatasuna eskuratu aitzin, askatasun erdiko neurria eskatu behar zuela. Lege horrek Bidarten egoeran ez duela balio frogatu zuen defentsak. Helegite auzitegiak, ororen buru, defentsari eman dio arrazoia. Fiskalak helegitea aurkez dezake oraino. Bost eguneko epea du horretarako. Gisa guziz, helegitea aurkezten badu ere, berdin-berdin askatuko dute otsailaren 14an. Bidart aske dagoela aztertuko lukete fiskalak aurkeztu helegitea. Orain arte, beti ukatu izan diote baldintzapeko askatasuna. Duela lau urtetik hona bazuen baldintzapean aske gelditzeko eskubidea, hamabost urte iraganak baitzituen preso. Bidart bi aldiz kondenatu zuten bizi osorako kartzela zigorrera, beste behin hogei urteko kartzelara zigortu zuten, eta sei urteko beste bi zigor ere bazituen.1988ko otsailean atxilotu zuten, Bokalen, IK-ko beste lau kiderekin batera. 1981ean sartu zen klandestinitatean, eta 80ko hamarkadan eta 90eko hasieran Iparretarrak erakundeak ekintza armatu andana bat egin zuen Ipar Euskal Herrian, eta kontzientzia abertzalea piztea izan zuen helburu. Pozez hartu zuten berria atzo Bidarten sostengu taldeko kideek. Elkarretaratzea egin zuten Baionako Herriko Etxe aitzinean, aitzinetik iragarri bezala. Baina jendea irribarrez. «Beste 600 preso gelditzen dira askatzeko», nabarmendu zuen Ttotte Etxebestek, komiteko kideak. Otsailaren 17an autobus bat antolatuko dute Beziersera joateko, han Bidarti ongietorria eskaintzeko. Batasunak ere bere pozaren berri eman zuen. «Militante historikoaren ibilbidea eredugarria da. Frantses Estatuaren zanpaketa eta koldarkeriari buru egin dio une oroz duintasunez», dio Batasunaren agiriak. «Etsaien atzaparretatik ateratzeko eta gure helburuen erdiesteko, haren eta preso guztien aldeko mobilizazioa eta borroka bide bakarra dela frogatu da beste behin ere», uste du Batasunak. Aralarrek ere agertu du bere poza. «Hala ere, poza ez da erabatekoa askatasun hori baldintzapean gertatuko delako, nahiz eta Bidartek aske izateko bete beharreko baldintzak beteak izan. Frantziako Justiziak preso horrekin izan duen mendeku jokabidea salatu nahi dugu», dio Aralarren agiriak.