Ostegun Gizen arratsaldea oso berezia izaten da ikastolako txikien egoitzan. Badira urte batzuk egun horretarako ikastolaren itxura goitik behera aldatzen hasi zirela. Umeak mozorrotzeaz gain, eraikinak eta jolasgunea ere guztiz itxuraldatzen dute, inauteri giroan murgiltzeko. Gai ezberdinak jorratzen dituzte urtero, eta aurten, zirko ederra osatu dute.
Ordu askotako lana eskatzen du ingurunea girotzeak. “Lehendabiziko lana gaia pentsatzea izaten da, eta hori, urtebeteko aurrerapenarekin egiten dugu. Ostegun gizenean bertan, hurrengo urteko gaia prestatzen hasten gara. Gauza horiek bero-beroan egitea hobea izaten da. Gauzak prestatzen berriz, inauteriak iritsi baino hilabete bat lehenago hasten gara. Gurasoei haurren mozorroak egiteko materiala banatzen zaie eta hemen, kanpoko montajea prestatzen hasten gara. Horrek lan handia ematen digu. Haurren lilura aurpegiak ikusteak lan horrek pena merezi duela argi uzten digu. Ikastola girotzean, askoz ere hobeto sartzen dira paperean eta oso ondo pasatzen dute. Guraso eta familiartekoak etortzen dira, elkarrekin meriendatzen dugu, musika jartzen dugu dantza ere egiten dugu, … arratsalde berezia izaten da”, dio Marixol Ruiz irakasleak.
Gurasoen laguntza
“Azken lau urteetan gurasoen laguntza izan dugu. Haurren mozorroak gurasoek egiten dituzte etxean. Horretaz gain, kanpoko irudiak egiteko ere guraso talde bat biltzen da. Guk marrazkiak prestatzen ditugu eta hortik abiatuta, irudi ezberdinak margotzen dituzte. Aurten, esaterako, trapezisten txokoa, malabaristena, piztientzako kaiola… hori dena margotzeko eta egiteko, hamabi guraso aritu dira lanean gurekin batera. Lehen irakasleok egiten genuen lan hori guztia, baina ez genuen denbora gehiegirik izaten eta montaje txikiagoak egiten genituen. Urte batean, guraso talde batek laguntzeko prest zegoela azaldu zigun eta horrek, gauza handiagoak egitera animatu gintuen. Oso pozik gaude guraso horien inplikazioarekin”, dio Marixolek.
Urtero gai ezberdinak jorratzen dituzte ikastolako kideek. Iaz ipuinen munduan murgildu ziren: hiru txerritxoak eta otsoak, Hamelingo txistulariak eta saguak, Hansel eta Gretel eta sorginak… pertsonaia horiek guztiak bildu ziren ikastolan. Aurreko urtetan, munduko herri ezberdinak irudikatu zituzten, goxokilandia eta musikalandia sortu, itsasoan murgildu, planetak ezagutu… ideiak ez zaizkie agortu eta dagoeneko datorren urteko gaiaren inguruan pentsatzen ari dira.
Bi orduko festa
Ostegun gizen goizean ikastolaren itxura aldatzeko momentua iristen da. “Zirkoaren gaiari bueltak ematen hasi ginenean, argi genuen karpa bat jarri beharra zegoela. Guraso bat igeltseroa da, eta berak ekarri zuen egitura. Ia bi ordu pasa zituen dena jartzen. Zinta batzuekin irudikatu genuen karpa. Oso polita geratu zen”. “14:30etan haurrak mozorrotuta etortzen dira ikastolara. Gure festatxoa egiten dugu. 16:00ak aldera gurasoei sartzen uzten zaie eta koreografia txiki bat egiten dugu. Jendetza handia biltzen da ikastolan. Urte batzuk daramatzagu montaje hauek egiten eta dagoeneko ikusmina sortu da gurasoen artean ere. Orain ez dugu ostegun gizena beste modu batera ospatzeko modurik planteatu ere egiten. Bi ordu irauten duen festarako lan handia suposatzen du, baina jendeak oso gustuko du eta mantendu egin nahi dugu. Haurren alaitasun eta lilura aurpegiak ikusteak egindako lan guztia konpentsatzen du”, dio Marixolek.