14.- Artzai entsalada

  • Gazta freskoa
  • Erruloko gazta freskoa
  • Gazta ketua
  • Gazta berria
  • Gazta zaharra
  • Aza
  • Askotariko letxuga hostoak: lolo gorria, atxikoria, eskarola, rukula…
  • Errege sagarra
  • Marrubiak
  • Intxaurrak 
  • Tipulina
  • Eztia
  • Ozpin baltsamikoa
  • Oliba olioa
  • Gatza

 

Pausoak

Aza juliana eran ebaki eta bizpahiru minututan ur irakin gatzatutan egin. Irakin ondoren izotzetan hoztu kolore berdea mantentzeko. Oliba olioarekin busti eta plateraren erdian jarri molde borobilaren laguntzaz. Letxuga hostoak olioztatu ondoren, azaren gainean jarri meta moduan eta bost gazta mota ezberdinen puskak gehitu. Gazta freskoa, esaterako, borobiltxotan edota errulokoa plantxan gorrituta; gazta zaharra, birrinduta. Sagar, intxaur eta marrubi puskak ere inguruan tartekatu, baita tipulina ere. Olio pixka bat eta ezti nahiz ozpin baltsamikoz eginiko erredukzioa gehitu.

Epe laburrean Iturri-Ondo jatetxeko kartan jarriko dute aipatu entsalada. Jatetxeko arduradun Jon Otegik azaldu bezala, etxeko produktu freskoekin osatu dute entsalada berria. “Joseba anaiak etxean eginiko Goine gazta ezberdinak dira platerako osagai nagusiak, %100 ardi latxaren esnearekin eginiko gaztak. Sagastiak eta intxaurrondoak etxean ditugu eta bertakoak dira entsaladako errege sagarrak eta intxaurrak”. Ukitu koloretsu eta goxoa emateko, berriz, marrubi gorri-gorriak.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!