2.- Bakailaoa ajoarrieroan

Osagaiak (4 pertsonentzat)

  • Tipula 1
  • 2 baratxuri-buru
  • Kuiatxo (kalabazin) laurdena
  • 2 piper berde
  • 2 piper gorri
  • 300 gr. tomate saltsa
  • 500 gr. bakailao gezatu
  • Oliba olioa

Pausoak: Tipula, baratxuri-buruak, piper berde nahiz gorriak eta kuiatxoa zati txikitan zatitu eta kazuela batean, oliba oliotan su baxuan gorritu behar dira hamar bat minutuz. Tomate saltsa gehitu ondoren eta beste bost bat minutuz su baxuan mantendu. Segidan, bakailaoa gehitu, hori ere zati txikitan ebakita. Zazpi minutuz osagai guztiak sutan goxatuta, jateko moduan egongo da platera.

Bakailaoa ajoarrieroan prestatzeko Milak ez du gatzik erabiltzen, “ondo gezatuta egonagatik, bakailaoak nahikoa gatz izaten duelako. Gezatutako bakailaoa edo izoztutakoa erabil daitezke. Izoztuarekin ere oso goxoa geratzen da”.
Egiteko plater erraza eta esker onekoa dela uste du Salbadora tabernako sukaldariak, “erraz eta ondo ateratzen da. Tabernan eskaintzen dugu eta harrera ona du. Gainera, edozein otordutarako plater egokia da; bai bazkaldu eta afaltzeko, baita hamaiketarako edo afari-meriendatarako ere. Prestatu eta ondo mantentzen da hurrengo egunetan”, zehaztu du Milak.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!