1.- Bakailao enpanada

Osagaiak (6/7 pertsonentzat)

  • Orea edo masa egiteko: Kilo 1 irin, gatza eta legamia.
  • *Lana aurrezteko okindegitik kilo eta erdi ore eginda eska daiteke.
  • Enpanada betetzeko: 5 tipula, 5 piper berde, tomate saltsa naturala, arantza eta azalik gabeko bakailao kilo 1, arrautza 1, oliba olioa eta gatz/azukre pixka bat (tomatea gozatzeko).

Pausoak: Orea eskuz egiteko, uretan urtutako legamia eta irina ondo nahastu behar dira. Behin orea ondo osatuta dagoenean, trapu batean bilduta utzi behar da, harro dadin.

Enpanadarekin hasteko, orearen erdia hartu eta ondo luzatu behar da geruza fina osatuz. Bandejaren azpian olio pixka bat zabaldu eta ore geruza jarri behar da batetik. Bestetik, zartari handi batean juliana eran ebakitako tipula gorritu behar da gozo-gozo. Era berean, zati luzexkatan txikitutako piper berdeak frijitu nahiz tomate saltsa egin behar dira, bakailaoa frijitzearekin batera. Osagai bakoitza bereizita frijituko da eta behin guztiak prest daudenean, ore geruzaren gainean tipula, haren gainean tomate pixka bat, gainean bakailoa (nahi izanez gero hezurrik gabeko mahaspasa batzurekin batera), arrainaren gainean piperrak eta beste tomate pixka bat jarri ondoren, ondo luzatutako bigarren ore geruzaz estali behar da guztia. Bi ore geruzak bueltaka-bueltaka eskuz lotu behar dira segidan, eta irabiatutako arrautza, pintzelaren laguntzaz gainetik zabaldu. Labea 190 gradutan bero dagoela, erdi parean bandeja sartu eta 30-35 minutu beharko ditu enpanadak ondo egiteko. Behe nahiz goi aldetik gorrituta dagoenean labetik ateratzeko prest egongo da. Bero nahiz hotz dagoela jan daiteke enpanada. Aurretik entsaladarekin lagunduta, primerako otordua da bakailao enpanada Pilarrentzat eta, are hobea, ardo txuri kopatxoa alboan. On egin!

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!