Danenako taldeei animoak emateko harmaila berriak

Erabiltzailearen aurpegia Olatz Lasa 2019ko ots. 8a, 11:24

Aurrera doaz Danena futbol zelaian harmailak jartzeko lanak.

Emakumezkoen bi futbol talde daude Danenan. Gizonezkoen taldeak, oro har, lehen hiru postuetan daude sailkatuta.

Asteasura doan bidegorriaren aldamenean eraiki dute harmaila, aparkalekuaren aurrealdean. Estalia da, euritik eta haizetik babestu ahal izateko, eta 246 eserleku ditu, egurrezkoak. Animoak ematera hurbilduko diren etxeko eta kanpoko bisitarientzat aproposa, beraz.

Irati Galartza Zizurkilgo Udaleko obra eta zerbitzuetako teknikariak adierazi duenez, "ezinduen irisgarritasuna bermatzeko lekua egokitu da, harmailaren atzeko atetik sartuta".

Neurriei dagokienez, hiru ilaraz osatuta dago harmaila berria; guztira 55,30 metroko luzera du eta 2,50 metroko zabalera. 60.327,88 euroko aurrekontua eduki du obrak, BEZa barne; baina baliteke kopuru horri gainkostua gehitzea geroago hitzartutako aldaketengatik. Adibidez, ura bideratzeko sistemagatik. Ostarbi Eraikuntzak eta Zerbitzuak S.L. enpresa billabonatarrak burutu ditu lanak. Hiru asteko iraupena eduki dute lanek, nahiz eta euriteak lanen garapena oztopatu egin duen.

Emakumezko bi talde Danena Kirol Elkartean

Egun, emakumezkoen bi futbol talde ditu Danena Kirol Elkarteak: kadete mailakoa eta infantil mailakoa. Kadeteak koparako lehian murgilduta dabiltza. Iaz zortzi jokalariko ligan aritu  ziren, eta aurten hamaikako futbolera igaro dira. Josu Sarasola Danenako lehendakariak adierazi duenez, "bi urtetan izugarrizko aldaketa egin dute. Oso ondo ari dira jokatzen".

Aurtengo helburuetakoa infantil mailako taldea mantentzea izan da, taldekide erdiak kadete mailara igaro baitziren iaz.  Gizonezkoetan, senior mailakoak lehen postuetan izan dira denboraldi osoan zehar. Helburua igoerako ligaxkarako sailkatzea da. Lehen laurak sailkatuko dira. Helburura iristea izango da erronka nagusia.

Jubenil mailakoak kopa ari dira jokatzen, eta bigarren postuan doaz. "Oso talde gaztea da. Aurtengo denboraldian, ikasi eta lanean jarraitzea dute helburu", dio Sarasolak.  Bestetik, fin ari dira jokatzen ohorezko mailako kadeteak nahiz kopan daudenak. Maila berean, baina multzo ezberdinean, B taldea ere badu Danenak.

Infantilei dagokienez, ohorezko kopa jokatzen duten eskolartekoek dute lanik handiena. Sarasolaren hitzetan "Gipuzkoako infantilen mailarik altuena da". Infantil txikiak bigarren fasean murgildu dira. Hurrengo urtean urrezko infantil izateko plaza lortzeko lehian ari dira.

Futbol eskola indartzen jarraitu

Danenaren helbururik nagusiena futbol eskola indartzen jarraitzea dela dio Sarasolak: "herri txiki bateko futbol taldeak duen arlorik garrantzitsuena futbol eskola da. Jokalari txikiekin ondo lan egiten jarraitu beharra dago".

Urtetik urtera kluba indarra hartzen doa, neurgailu nagusiei erreparatuta. Maila hobean lehiatzen ari dira. Eta, bestalde, jokalarien kopurua haziz doa. "Indartsu gaude" dio Sarasolak.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!