Pedro Rodriguez udaltzainak erretiroa hartu du

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2019ko ots. 8a, 11:33
Pedro Rodriguez kaleko jantziekin ikusiko dugu aurrerantzean.

Otsailaren 2an hartu zuen erretiroa Andoaingo udaltzain-buruak. Jendeari begirako jarduna izan da berea, eta denetik bizi izatea egokitu zaio: istripuak, erasoak, hilketak, lapurretak, isunak... Buruhasteak eta min pertsonala eragin dizkioten pasadizoak ditu gogoan, une atseginak baino gehiago.

1979an sartu zinen Udaltzaingoan. Promozio berri bateko kidea izan zinen. Aurrekoekin ez zenuten zerikusirik.

Frankismoa atzean utzi berritan, Andoainen bazegoen premia Udaltzaingoa berritu eta handitzeko. Eta horri ekin zion Udalak. Sei gazte sartu ginen aldi berean: Joseba Garcia, Carlos Salinas, Yolanda Canora, Joseba eta Iñaki Pagazaurtundua anaiak eta seirok. Hilabete batzuetara Ibon Lekuona eta Lanberto Otermin etorri ziren ere.

Egia esan, polizien uniformeak errezeloak sortu izan ditu beti; prestigio gutxiko lanbidea izan da, are gehiago Euskal Herrian. Iraganean kasik inork ez zuen Udaltzain izan nahi, eta idazten eta irakurtzen jakitearekin eta zeozer gehiagorekin nahikoa izaten zen. Hasi eta segituan, 80ko hamarkadan, gure aurrekoek bere gain hartzen ez zituzten makina bat ardura hartu behar izan genuen. Lanez gainezka ibili ginen; Egin kontu, Guardia Zibilen Bazkardoko kuartela agudo itxi zutela. Delinkuentzia eta drogari lotutako arazoak eguneroko ogia ziren. Heroina barra-barra zebilen gazteen artean...

Ia belaunaldi oso bat aurretik eraman zuen heroinak...

Izugarria izan zen! Drogak zenbat gazte ez ote zuen galbidean jarri! Nahiko azkar zabaldu zen errealitate hori, eta gainezka egin zigun. Ez bakarrik guri, baita gainerako polizi eta administrazietako profesionalei (hezitzaileei, osasun arlokoei...). Ez geunden heroinoimanoekin jokatzeko egoki prestatuta. Askotan, mundu horretan zebiltzanak ez genituen beren egoerrik egokienean topatzen, eta  haientzat uniformez jantzitako etsaiak ginen.

Gauez, maiz, bakarrik egokitzen zitzaigun kalean jardutea, eta benetako izua pasatzen genuen. Gogoan daukat, gau haietako batean, orain hogeita hamar bat urte, nola hots egin zidaten Donostiako udaltzainek, herriko neska gazte bat aparkaleku batean hilik topatu zutela esateko. Gaindosiak jota hil zen. Hura errekonozitzera joateko eskatu zidaten. Beste behin ere, Donostiatik deia: drogaz leporaino zegoen gazte bat zeukatela, eta nire izena beste ezer ez omen zuen adierazten. Hara joan, autoan sartu, eta bere etxera eraman nuen. Handik puska batera, gaindosiak akabatu zuen.

Espainiako polizia heroinaren zapalkundean inplikaturik egon zela salatu izan da maiz...

Esan izan da, bai. Baina nik ez dut hori froga dezakeen daturik, eta beraz ezin dut ezer esan.   

Oso urte nahasiak izan ziren.

Horretan ez dago zalantzarik. Bi datu esanguratsuago emango dizkizut: Andoainen Gipuzkoan mugitzen ziren banku lapurrik abilenak zeuden, eta zenbait urtetan egunero-egunero, lapurtutako auto bat agertu ohi zen Andoaingo kaleetan edo Leitzaran aldean. Inguruko herrietan lapurtu ostean herrira ekartzen zituzten. Garai hartan zinemara eraman zituzten Vaquilla eta Torete gaizkile famatuen ibilerak.

Une garratzak bizi izango zenituen hainbeste urtetan...

Oroitzapen asko une gaiztoekin lotzea normala izan daiteke, guri dagokionez. Egunean zehar kasu ugari lantzea egokitzen zaigu, eta gehienak modu onean konpontzen dira. Baina nahikoa izaten da gertaera batek buruko mina sortu izana, edo zeuk hanka sartu izana. Bada, horixe bera izango da buruan kendu ezinik edukiko duzuna, eguna joan eta eguna etorri.

Une gogor-gogorrak aipatzen hasita, gertatu izan diren hilketak datoz lehenbizi gogora. Ansa abizeneko bi mutilak, Lopez de la Calle, VillafaÒe... Eta noski Joseba Pagazaurtundua. Kolpe latza izan zen, gure lankidearena. Adiskidea izateaz gain, udaltzain bezala oso profesionala zen. Nik uste jendeak Joseba ez zuela behar bezala ezagutu. Bere ideologia alde batera utzita, herritarren zerbitzura jartzeko orduan egundoko bokazioa zeukan pertsona izan zen.  

Behin lapur batek Lanberto Otermini labana sartu zion, eta txiripaz ez zuen bertan seko utzi. Orduan ere une larriak bizi izan genituen. 

Gertaera gehiago aipa ditzaket. Esate batera, Gernika kalean banatzaile batek furgonetarekin haurra harrapatu eta hil zuenekoa. Une garratzak pasa arazi zizkidan istripu hark, hurrengo egunetan. Zerrenda luzatzen jarrai nezake istripuekin, uholdeekin...

Aurreiritziak aipatu dituzu lehen. Bada isun-jartzaile gisa ezagutzen zaituenik...

Udaltzainok isunak jartzea ez dugu batere gogoko. Baina jarri egin behar izaten dira tarteka. Bizilagunen batek arau-hausteren bat –izan aparkatze okerra, izan semoforoa gorrian gainditzea...– egiten badu, lehenbizikoan ohartarazten saiatzen gara. Hala ere, gauza bera egiten jarraitzen badu hurrengo egunetan, salaketa jartzea beste erremediorik ez daukagu. Legea bete behar da. Gure lana salaketa jartzea da, baina gero ez gara zigor kontuetan sartzen, alkateari, epaileari edo dena delakoari dagokio hori. Gainera, udaltzainok zuzen ez badugu jokatu salatuak badauka prozedura eskura, alegazioak jar ditzan. Hori bai, ondo oinarritutako arrazoiak azaldu behar ditu.

Andoaindarrek baloratzen al dute udaltzainen lana?

Herritarrek, orohar, ez dute gure lana behar bezala ezagutzen, eta horrek berarekin ezjakintasuna dakar. Profesionaltasunari begira, Andoaingo udaltzainek oso prestatuta daude. Beti saiatu izan naiz mezu berbera zabaltzen, herritarren artean: “arazoren bat baldin badaukazu, zatoz eta laguntzen ahaleginduko gara”. Jakina, legearen barruan jokatu behar dugula ahaztu gabe. Tarteka guregana etortzen diren herritarrek uste dute  arrazoia eurena dela; baina horrela ez denean gaiztoaren papera egitea egokitzen zaigu guri.

Aipatu dudan ezjakintasun hori udal langile guztienganakoa dela esango nuke. Ataria zerbitzua adibidez, egundoko aurrerapena da, behar bezala baloratzen ez dena. Ahaztu gabe zinegotzi izateak dauzkan lanak. Dena den, erakunde publikoen arazorik handiena, burokrazia da. Eta Andoaingo Udala ez da gaitz horretatik libratzen. Ez dut ezagutzen irtenbide majikoa, baina tramiteen kontu hori nola edo hala murriztu egin beharko litzateke. Jendeak ez du zertan administrazioko funtzionamendua jakin behar, ezta bere hizkera formala. Galdu egiten da burokrazia horretan, normala denez.

Zein ezaugarri behar ditu eduki udaltzain batek?

Herritarrei zerbitzua eskaitzeko bokazioa edukitzeaz gain, ondradua eta umila izatea. Autokritika egiten jakin behar du ere, eta hanka sartu denean onartu.

Haserreak eta etsaiak sortzen dituen lanpostua izango da...

Bat baino gehiago, bai. Behin lankide batek nire adiskide bati isuna jarri zion. Honek zer pentsatu zuen? Sarjentua adiskidea zuela eta isuna kenduko ziola horrexegatik...

Herri barneko auto-trafikoa, aparkalekuak... kexak eragiten dituen gaia da.

Ohitura txarrak dauzkagu guztiok ere. Txikia da gure herria, eta Karrikatik Kaletxikirako bidea egiteko 20 minutu besterik ez dituzu behar... Inguruko herriekin alderatuz gero, aparlekuekin horren gaizki ez bagiltzala esango nuke. Baina jakina, etxe atarian nahi dugu autoa aparkatu, eta hori ezin da. Agian urrutixeago utzi beharko dugu. Nori egiten dio kalte etxera joateko metro batzuk oinez egin behar izatea? Ikastetxe orduetan sortzen diren auto ilarak-eta murriztu zitezkeen kontzientziatuko bagina, eta haurra eskuetan hartu eta ikastetxera oinez abiatuko bagina.

Gure gizartean beti aritu gara gizabanakoen askatasunaren alde. Eta orain, hein batean lortu dugula iruditzen zaigunean, autoen inoiz baino morroiago gara, baita mugikorrarekin eta gainerako gailu teknologikoekin ere. Paradojikoa da: materialki asetuta bizi gaitezke, baina zoriontasuna falta zaigu. Ahazten zaigu bizitza honetan garrantzitsuena giza baloreak direla: hala nola, adiskidetasuna, elkabizitza, enpatia, bereikoikeriarik eza... Urkoari laguntzea, mesede bat egitea une jakin batean, horrek bihurtu beharko gintuzke zoriontsu...

Andoaindarrak zer moduz gabiltza zibismoari dagokionez?

Orokorrean, ondo. Nolanahi ere, zenbait baloreetan erlajatzen ari garen sentsazioa daukat. Errespetuan batez ere, bikoteen artean, guraso eta seme-alaben artean... Niri kalean egokitu izan zait haur bat sumatzea amari egundokoak esaten; amak zer erantzungo eta “Kontuz ibili, Pedrok kalabozora eramango zaitu bestela”. Zerbaitek ez du ondo funtzionatzen amaren eta haurraren arteko harreman horretan! Ikusi izan ditugu 14-15 urteko gazteak parkeko bazter batean drogak eta alkoholak kontsumitzen. Gurasoiei jakinarazi, eta hauek egoerari garrantzia kendu... Lehengo gazteen moduan, gaztea orohar ona da. Baina ez dakit zenbaiteraino ohartzen garen, nerabezaroko urte horietan nortasunaren aldetik noraezean ibiltzeko arrisku handiagoa dagoela. Zorionez, Andoainen, lan bikaina egiten duten kale hezitzaileak dauzkagu.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!