Emakumeen III. Pala Txapelketa Azkarra

Erabiltzailearen aurpegia Olatz Lasa 2019ko ots. 10a, 16:41

Egun 25 emakume pilotari daude Behar Zana Pelota Elkartean. Pixkanaka hazitzen doa emakume pilotarien kopurua, eta egun eskualdeko emakume gehien biltzen dituen Pelota Elkartea izatera iritsi da Behar Zana.

Otsailaren 9an Emakumeen Pala Txapelketa Azkarra ospatu zen hirugarren urtez Amasa-Villabonako Bearzana pilotalekuan. Arratsaldeko hiruretan hasi, eta zortzirak ingurura arte giro bikaina eta atsegina nagusitu zen. Anne Maiza entrenatzaileak adierazi duenez, "helburua ondo pasatzea eta disfrutatzea da, eta baita emakumeak pilotalekuetan ere egoten garela ikustaraztea".

Amaia Gonzalez eta Laura Carretero izan ziren irabazleak Aitziber Ezeizaren eta Edurne Osaren aurka 9 eta 16ko markagailuarekin. Partidu bakoitzak 8 minutuko iraupena eduki zuen, eta gehienez ere 16 tanto egin zitezkeen. Finala, aldiz, 16 tantora jokatu zen, denbora aintzat hartu gabe.

Oro har, harrera ona eduki zuen txapelketak. Hasieran jende gutxi bildu zen arren, finalaurrekoak jokatzen hastean pilotalekua jendez betetzen hasi zen. Lagunen eta familiakoen animo oihuak eta aholkuak ez zituzten falta izan pilotariek.

8 bikote, 16 jokalari
Maddi Iturbe, Kristina Ezkurdia, Naroa Arretxe, Beatriz Unzue, Jexuxi Maiza, Iyuya Urrutia, Laura Carretero, Amagoia Gonzalez, Nahikari Iturbe, Leire Olasagasti, Aitziber Ezeiza, Edurne Osa, Olatz Arizeta, Larraitz Etxaniz, Amaia Azkue eta Iñaki Etxabe. Palista horiek hartu zuten parte txapelketan, baina beste hainbatek ezin izan zuten parte hartu lan kontuengatik.

Egun 25 emakume pilotari daude Behar Zana Pelota Elkartean, 12 urtetakoetik hasi eta 60 urte bitartekoetara. Emakumeetan pilota indarra hartzen doala azaldu du Maizak: "lehen Tolosan baziren pilotan jokatzen zuten emakume taldea. Egun, ordea, gehienak Villabonara etortzen dira. Eskualdeko herrietatik Behar Zana Pelota Elkartean gaude emakume pilotari gehien".

Laura Carretero
Duela hiru urte Santio festetan emakumeen pala txapelketa ikustera hurbildu zen Bearzana pilotalekura Laura Carretero. Inbidia eman zion eta pala mundua gertuagotik ezagutzea erabaki zuen. "Ez nuen sekula pala ukitu ere egin, eta eskolan izen-ematera tentatu ninduen txapelketa hark", aitortu du. Billabonatarra da, eta egun Behar Zana Pelota Elkarteko eskolan hartzen du parte.

Bigarren aldia da Behar Zana Elkarteak antolatutako emakumeen txapelketaren batean parte hartzen duena. Orain bi urte hartu zuen parte lehenengo aldiz, eta horretan ere irabazi egin zuen. "Lehen urtean hasiberriaren suertez irabazi nuen txapelketa, eta aurtengoan ere irabazi egin dut". Palaren inguruan sortzen den giroa izugarri gustatu zaiola gehitu du, oso dibertigarria dela; eta garrantzitsuena kideekin ongi pasatzea dela.

Amaia Gonzalez eduki du bikote otsailaren 9an jokatu zen Emakumeen Pala Azkarreko Txapelketan. Elkar oso ongi ulertzen direla dio, eta bikote izango zirela jakitean asko poztu zirela. Batera joaten dira entrenamendu saioetara, ordutegiarekin bat egiten dutelako.

Txapelketako bikoteen antolamenduari dagokionean, gustura agertu da Carretero. "Bikoteak nahiko berdinduta egon zirelakoan nago. Anne Maiza entrenatzaileak osatu zituen". Guztiak entrenamenduetan ikasitakoa jarri zutela praktikan azaldu du. "Eta hori da gustatzen zaiguna, praktikan jartzen pala eskolan ikasten ari garena".

Gabonetan Tolosako Beotibar pilotalekuan antolatu zen Emakumeen Pala Txapelketa Azkarrean hartu zuen parte Carreterok. Aurrera begira ez du txapelketa zehatzik eskuartean, entrenatzen jarraitu eta txapelketak iritsi ahala hartuko du erabakia.

Sare sozialetako oihartzuna
Txapelketaren berri momentuan bertan eskaini zuen Aiurrik bideoen bitartez, Facebook eta Twiterren. Albistea eta argazkiak ordu batzuk beranduago landu zituen aiurri.eus webgunean, eta ondoren sare sozialetan zabaldu.

Facebooken, esaterako, 2.300 pertsona ingururengana iritsi da albistea hiru egunetan. Instagramen ere oihartzuna izan du. Herritar ugarik jaso du txapelketaren berri Aiurriren bitartez.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!