Piano Jaialdia hastera doa

Andoaingo Piano Jaialdia Euskal Herriko musika eskola askorentzat mugarria da, ilusio eta mimo handiz prestatzen dutena. Ikasturtearen erdialdera kokatuta, haur eta gaztetxoari helburu lorgarria eskaintzen zaie: taula gainera igo eta jendaurrean pianoa jotzea

Egongo ez balitz, norbaitek asmatu beharko luke. Eta kasu honetan, hutsunea antzeman eta aukera eskaini zutenak andoaindarrak izan ziren. Gaur gaurkoz, Andoaingo Piano Jaialdia garrantzia handikoa izatera iritsi da. Lorpen handia da, musika eskola askorengan eragin positiboa izan duena. Plangintza egiteko aukera paregabea eskaintzen du, ikasturtearen erdialdera mugarria ipiniz. Aurreko hilabeteetan ehunka haur eta gazte piano doinuak lantzen aritu dira, Andoaingo Piano Jaialdia helburu nagusitzar hartuta. 

Jaialdiaren diseinua doituta dago: Adinaren arabera, musikariak jendaurreko saioa eskaintzera igotzen dira taula gainera. Bakarka edo binaka, eta kasu bakan batzutan hirunaka, pianojoleari jendaurrean aritzeko aukera ematen zaio. Eta ez nolanahi: Kalitatezko agertokira igota, profesionalek erabiltzen ohi duten pianoan joz. Formula arrakastatsua lortuta, iraunaraztea eta elementu berriak txertatzea ez da lan makala izan. Andoain herriak jaialdiaz harro egoteko arrazoiak baditu, beraz. 

Bada beste arrazoi bat, aipamen berezia merezi duena. Asteburu osoko antolaketa auzolanari esker aterako da aurrera. Argibideak emanez, lasaitasuna eskainiz... gazte eta heldu asko dira Bastero kulturgunean lan ezberdinetan burubelarri ibiliko direnak. Bisitariak urduri hurbilduko dira, akaso. Baina pozarren joan daitezela. Jaialdiaren antolakuntzak asteburu honetan lezio berria emango du.

Andoain musikaren hiriburu

Deiadar elkarteak antolatu duen jaialdiak Euskadiko musika eskola askoren plangintzan eragiten du, ikasturte erdiko mugarri bilakatuz. Eta ez dira gutxi, Andoaingo Piano Jaialdiaren atarian, entsegu-kontzertu modukoak antolatzen dituztela. Andoaingoari ematen dioten garrantziaren adierazle da. Maiz esan izan da Andoain egun hauetan musikaren hiriburu bilakatzen dela. Eta datuak hor daude, esaera hori errealitate bilakatzeko. Donostiatik 110 musikari hurbilduko dira, Zarautzetik 42, Irundik 37, Hernanitik 28, Azpeitiatik 28, Beasaindik 26, Elgoibartik 25, Errenteriatik 24, Eibarretik 24. Eskualdekoen artean, andoaindarrak aurten 37 dira, eta urnietarrak 13. Bizkaitik 73 partaide datoz, horien artean Santurtzitik 17 eta Gernikatik 10. Nafarrak 31 dira, gehienak iruñarrak. 12, denera. Lapurditik 2 musikari datoz, eta Tarragonako Reus hiritik beste 1.

Laguntzaileak, ezinbestekoak Andoaingo Piano Jaialdian

MIKEL ARTOLA PAGOLA
URNIETA, 25 URTE

Zer da zuretzat jaialdia?

Niretzat tradizioa da. Urte asko dira eta jakin badakigu datorren urtean ere egongo dela. Tradizio modukoa da piano jaialdia. Inguruko herrietan ekitaldi ezaguna da.

Zertan laguntzen duzue? Zein da zuen lana?

Azken urteetan harreran egon izan naiz, Basterora sartu eta parez pare jartzen duten mahaian. Azken urteetan, gainera, areto txikian aurkezle lanetan ere aritu naiz. 

Kanpokoen ohiko galderak zeintzuk dira?

Harreran nagoenean partaideak non jo behar duen izaten da galdera ohikoena. 

Anekdotarik bai?

Deigarria egin zait urritasuna duten haurrak pianoa jotzen ikustea. Itsuen kasuan edo beso bakarrekoen kasuan. Bere onena emateko haur horien kemenak indarra transmititzen du.

OHIANE MENDIZABAL KARRERA
ANDOAIN, 20 URTE

Zer da zuretzat jaialdia?

Leku askotariko jendea biltzen duen ekitaldi handia da. Mugimendu handia dago, guk betidanik barrutik bizi izan duguna: Pianojole modura eta baita antolatzaile modura ere. Familia modukoa gara.

Zertan laguntzen duzue? Zein da zuen lana?

Normalean haurrei nora joan esaten diegu, mahaitan informazioa ematen aritzen gara. Haurrak lasaitzen ibiltzen naiz ere, batzuk oso urduri etortzen baitira. 

Kanpokoen ohiko galderak zeintzuk dira?

Ordutegi zehatza jakin nahi dute. Guraso asko, gainera, oso urduri egoten dira eta askok emanaldia hasi aurretik haurrekin egon daitezken galdetzen digute.

Anekdotarik bai?

Haurren bat negarrez hasi eta lasaitzen saiatzen zaren unea.

OSU LOPETEGI KARRERA
ANDOAIN, 21 URTE

Zer da zuretzat jaialdia?

Txikitatik jaialdiari lotuta nago. Bertan pianoa jo izan dut, baina orain alde batera utzita daukat. Piano jaialdian laguntzea musikarekin dudan zaletasunari eusteko modua da. Oso gustura etortzen naiz.

Zertan laguntzen duzue? Zein da zuen lana?

Informatika lanetan aritu izan naiz, eta beste batzutan informazio mahaian.

Kanpokoen ohiko galderak zeintzuk dira?

Informazio orokorra eskuratu nahi izaten dute: ordutegiak, aretoa, sarbidea... Jaialdira datozenak urduri izaten dira, eta une horietan duda asko sortzen zaizkie.

Anekdotarik bai?

5 urteko haurra pianoa jotzen ikusteak harritu egiten nau. Ohituta nago 7-8 urtetik aurrera instrumentuak jotzen ikustea. Meritu handia dute!

Jaialdira hurbiltzeko gonbitea zabaldi nahi izan du Miriam Ulanga Deiadar elkarteko kideak.

XIV. ediziora iritsi gara, eta edizio honetan musikan ere garrantzia izan duten pertsonaiak gogoan hartu nahi ditugu. Aurtengoan Clara Schumannen jaiotzaren mendeurrena ospatzen da. Pianoan obra berezia du eta, bere garaiko pianojoleen ildoan jarraituz, oso maila altua erakutsi zuen. Berari eta bere senarrari esker ona adierazteko, aurtengoan sariketa berezia antolatu dugu.

Jaialdiaren bezperan, atariko modura, bi kontzertu antolatu ditugu Basteron. Arratsaldeko 17:30ean hasita, musika eskolako piano ikasleek emanaldi berezia eskainiko dute. 19:15etan, berriz, Francisco Escudero kontserbatorioko orkestra sinfonikoak, abesbatzak eta Andoaingo Musika eskolako abesbatza txikiak bigarren kontzertua eskainiko dute. Schumann, Hayden eta euskal kantez gozatzeko aukera izango da. Musikazaleak gerturatzeko gonbitea luzatu nahi dugu, Andoaingo Piano Jaialdiari hasiera polita emateko modua izango baita.

 Esti Mujikak, Andoaigo Udaletik esker ona adierazi nahi izan die antolatzaileei.

Udalaren izenean eskerrak eman nahi dizkiegu antolatzaileei, bereziki Ainhoa Aiertza, Txitxu Castro eta Miriam Ulanga Deiadarreko hiru kideei, jaialdia aurrera ateratzeko izugarrizko lana egiten dutelako. Beraiei eta laguntza ematen duten bolondres guztiei ere, Udalaren eskerrona. Piano Jaialdia Andoainera eta musikara gerturatzeko aukera paregabea da. Jaialdiaren baitan, gainera, urtez urte jarduera berriak txertatuz doaz. Schumannen mendeurrena aintzat hartu dute aurten, eta askotan pianista edo instrumentista gazteen artean jotzen dituzten lanen egiletza ez dute ezagutzen. Jaialdiaren bidez pertsonaia horien izena eta izana ezagutzera ematea oso aukera polita iruditzen zait. Polita da ere musika eskolen artean lantzen den sinergia hori.

Gure eskerrona bisitariak Andoainera ekartzeko beste ekintza bat antolatzeagatik. Aurreko urteetan bezain ondo aterako dela desio dugu.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!