Azore uharteetan barrena egindako bidaia

Erabiltzailearen aurpegia Amaia Semperena 2019ko ots. 14a, 15:15

Urnietako Udalak bigarren aldiz antolatu du Diaporama lehiaketa. Aurtengo finalistak elkarren artean oso ezberdinak dira: Amsterdam, Tailandia eta Azore uharteak. Manex Alday izango da lehena, uharteei buruzko diaporama eskainiko baitu ostiral honetan.

Lehiaketaren berri bazuen, eta orain dela aste batzuk aurtengo deialdia ikusi eta parte hartzea erabaki zuen. Bere bidaia-proposamena Urnietako Diaporama jaialdiaren finalisten artean aukeratu dute. Ostiral honetan egingo du aurkezpena, arratsaldeko 18:30ean hasita Lekaion.

Zer dela eta erabaki zenuen parte hartzea?

2018an, Global Training bekari esker, Azore uharteetan sei hilabeteko egonaldia egin nuen. Argazki ugari atera nituen eta nire esperientzia edonori baliagarria izatea nahiko nuke. Horixe zen nire asmoa. Aukeratu naute, eta gustura nago.

Beraz, ez zen aisialdi moduan egindako bidaia izan.

Global Training Eusko Jaurlaritzak lanera kanpora joan ahal izateko sustatzen duen ekimena da. Beka bat da, eta oso ondo dago. Egitasmoa nahikoa berria da, atzerrira joateko aukera eskaintzen duena. Nire aurkezpenak egitasmoa zabaltzeko balio dezake. Jende oso gutxik baitu horren berri. Azores uharteetan egoteko aukera izan du, oso leku ikusgarria.

Hori da, beraz, zure bidaiaren berezigarrienetakoa

Bai, nire ustez hori da interesgarriena. Nik ere oporretan ibiltzeko aukera izan nueni, baina ni hara lan egitera joan nintzen.

Ta nolatan Azores uharteak?

Nire ikasketekin lotura zuelako. 2012An, gainera, hara joateko aukera izan nuen baina azkenean Maltara joatea erabaki nuen. Beti izan dut Azores uharteetara joateko gogoa.

Beste bi finalisten lanen berri ba al duzu?

Ez daukat, oraingoz, informazio asko. Gu hirurak izan gara aukeratuak eta hori da garrantzitsuena. Egia esan ez dut beste biekin hitz egin, aurkezpen egunera arte itxaron beharko da. 

Gustuko al duzu bidaiatzea?

Bai, baina horretarako denbora eta dirua beharrezko dira. 

Saria lortuz gero, zer egingo zenuke diruarekin?

Diru hori beste bidaia batean aprobetxatzea gustatuko litzaidake.

Ba al duzu buruan beste bidaiarik?

Oraintxe bertan ez. Baina azken bidaian ezagutu gabe utzi nituen bi uharte. Noizbait horiek biak bisitatzera joan nahiko nuke. 

Zer esango zenioke ikuslegoari, ostiral honetako aurkezpen ekitaldiaren atarian?

Leku berezi bat ezagutu nahi badute, hurbil daitezela Lekaioko emanaldira. Ongietorriak izango dira, anima daitezela. 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!