"Gustura egoteko moduan gaude"

Erabiltzailearen aurpegia Xabier Lasa 2019ko ots. 20a, 15:48

Basteroko bi aretoetatik ehunka musikari igaro ziren, asteburu osoan zehar. Planifikazio eta koordinazio handia eskatzen du horrek, talde lan handiarekin bakarrik aurrera atera daitekeena. Antolatzaileek pozarren agertu zuten, jaialdia amaitu eta berehala.

 

Pianoak eta dekorazioa bertan zirela, jaialdia amaitu berritan, Deiadar elkarteko kideei balorazioa eskatu zien Aiurri astekariak. Txitxu Castro, Ainhoa Aiertza eta Miriam Ulanga kamera aurrean jarri ziren, poza adierazteko. Hiruen izenean, hauexek Ulangaren lehen balorazioa: "Oso gustura egoteko moduan gaude. Martxa onean joan dira saioak eta ordutegia. Jendearen erantzuna ere oso ona izaten da. Ez da denbora aldetik atzerapenarik izan, eta hasieratik planifikatu bezala igaro da jaialdia. Aurreikusitakoa oso ondo bete dela esan dezakegu". 

Antolatzaileen eskertza

Clara Schumannen jaiotzaren bigarren mendeurrenean, antolatzaileei haren obra zabaltzea ideia ona izan zitekeela bururatu zitzaien. Ideia lantzen hasi eta Francisco Escudero kontserbatorioko kideak gogoan hartu zituzten: "Schumannen lana mamitsua da, eta estatu mailan kasu bakanetan interpretatu da. Francisco Escudero kontserbatorioko orkestra sinfonikoak egin zezakeela pentsatu genuen. Kontserbatorioko bi piano ikasle lanean jarri ziren, eta obra ikasi zuten. Zorionez gure asmoa aurrera atera zen, eta ostiraleko atariko emanaldia indartsua izan zela esan genezake. Musikariek hartutako lana eskertu nahiko nuke hiruron izenean. Baita emanaldian parte hartu zuten abesbatzari eta gure musika eskolako txikien abesbatzari ere. Katrin Iturralderi ere eskerrak eman nahi dizkiogu".

Jaialdiari berari lotuta, "txalotzekoa da haur txikiekin Euskal Herriko musika eskolatan hartzen ari diren lana. Schumannen obrari loturiko sariketan, partaideek erakutsi duten  maila zoragarria izan da. Urtez urte, jaialdiaren maila hobetzen ari gara. Hutsunea betetzen ari garela jakitun gara. Pianoa toki itxian jo behar izaten da, eta jaialdiaren bitartez musikari eta eskola askoren artean plaza bat eskaintzen diegula argi dago". Gurasoak, ikasleak, laguntzaileak, erakundeak,... eskertza adierazteko garaian ez dute inor ahaztu nahi.

Andoaingo alkatearen agurra jaialdiaren amaierako ekitaldian

Ana Carrere alkateak ere eskertza adierazi zien antolatzaileei, musikariei eta bisitariei. Balioan jarri zuen Andoaingo Piano Jaialdia: "Andoain herriarenentzat garrantzitsua da, baina baita jendaurren jotzeko aukera ematen zaion musikariarentzat ere. Datozen urteetan jaialdiak jarraipena izan dezala". Txalo artean agurtu zuten.

 
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!