Gaur egungo egoera politikoari egokitutako espetxe politika berria eskatu du Andoaingo Udalak, aho batez. EHBildu, PSE-EE, EAJ, Ganemos-Irabazi alderdiek aldeko bozka eman dute atzoko udalbatzan. Matilderen senitartekoek eta lagunek sustatutako mozioak jasotzen du urruntze politikarekin amaitu egin behar dela ere.
Sustatzaileen iritziz, mozioaren onarpenarekin Andoaingo Udala osatzen duten alderdiek urrats garrantzitsua egin dute Euskal Herriaren bake eta normalizaziorako bidean. “Horrelako mozioak beharrezkoak dira presoek jasaten duten zigor erantsiarekin amaitzeko eta presoen senitartekoek pairatzen duten sufrimendua desagertzeko”. Sustatzaileek salatu dute espetxeetan bizi diren egoerak garai ilun batekoak direla, “zigor egoerak” direla, eta presoen senitartekoek astero-astero egiten dituzten ehundaka eta ehundaka kilometro horiek sufrimendua besterik ez dutela ekartzen. “Eta horri gehitu behar diogu bidaia horiek eragiten duten zigor ekonomiko zorrotza”.
Mozioa bultzatu dutenen arabera, zoriontzekoa da alderdiek sakabanaketaren kontra hartutako jokabide bateratua eta uste dute Andoainen giroa aldatzen joan dadin lagungarri izango dela erabaki hau. “Plenoak hartutako erabakiak asko poztu gaitu, Matildek presoen alde egin zuen lana modu batez aitortzen duelako, eta poztu gaitu, batez ere, Andoainen, ezinikusien gainetik, aniztasuna sufrimenduaren gaiarekin urratsak egin daitezkeela berriro agerian ikusi delako”.
“Jakin badakigu, lan handia dagoela oraindik, giza eskubideak etengabe urratzen ari direla espetxeetan, sufrimenduak jarraitzen duela, baina espetxe politika berri batekin egoera aldatu egin beharko luke. Gainera, presoak etxean izan arte lanean jarraituko dugu, etxean egon behar dutelako” adierazi dute.