Formakuntza saioa txirrindularientzat

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2018ko aza. 9a, 01:00

Txirrindularien prestakuntza, talde profesionalen egituraketa eta antolaketa izango dira Andoaingo Txirrindulari Eskolaren formakuntza saioaren ardatz nagusiak. Ekitaldia ostiral honetan hasiko da 18:30ean Andoaingo Bastero kulturgunean.

Andoaingo Txirrindulari Eskolak txirrindularitza sustatzen darrai, eta formakuntzaren alorrean hirugarren saioa iragarri du. Ostiral honetan izango da (azaroak 9), eta oraingo honetan talde profesionalen egituraz, antolaketaz eta txirrindularien prestakuntzaz arituko dira. Hasteko eta behin Movistar Team taldeko Iosune Murillo prestatzaileak txirrindulari profesionalei egokitutako entrenamendua azalduko du.

Caja Rural – Seguros RGA taldeko ordezkaritza zabala
Segidan, talde profesionalen egitura eta antolaketari buruz hitz egiteko, Caja Rural – Seguros RGA txirrindulari talde nafarra hurbilduko da Andoainera. Ordezkaritza zabala dator: Juan Manuel Hernandez manager nagusia, Josemi Fernandez kirol zuzendaria eta Alex Aranburu eta Jon Irisarri txirrindulariak.

Prestakuntza saioaren iraupena bi ordukoa izango da. Sarrera irekia da, doakoa, baina antolatzaileek aurretik izena ematea eskertuko lukete: "Izena ematea eskertuko genuke, mezua bidaliz info@andoaingo.eus posta elektronikora edota 650 641 228 telefono zenbakira idatziz, edo deituz". Hitzaldiaren iraupena 2 ordu ingurukoa izango da.

Gainerako kirol jardueretako partaideei irekia
Basteroko hitzaldia txirrindulari gazte eta kirol zuzendariei ez ezik, gainontzeko kiroletako entrenatzaile eta zuzendariei ere zuzenduta dago. Elkarteko kideen ustez,"lagungarri izango zaielakoan gaude, horregatik guztiei luzatzen diegu gonbidapena".

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!