Elkarbiziren deialdia Memoriaren egunean

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2018ko aza. 8a, 01:00

Oroimenaren nazioarteko egunean, Elkarbizi taldeak "indarkeriaren biktimak gogoratzeko" ekitaldia antolatu du Lopez de Lacalle parkean dagoen Askatasunari eskulturaren aurrean. 12:30ean hasita izango da, larunbat honetan.

Elkarbizik beste behin ere oroimenaren egunarekin bat egingo du, ekitaldia antolatuz. "Indarkeriaren biktimak gogoratzeko" diozue deialdian. Biktima guztiak, alde guztietakoak esan nahi baita.
Horrela da, ez dugu bereizketarik egiten. Askatasunari eskultura bera, biktima izan diren guztiei eskainita dago, bai Batallon Vasco Españolek hil zituenak eta baita ETAk hildakoak ere. Denak daude bertan, Andoaingoak diren guztiak. Omenaldia guztiei egiten diegu, askatasunaren alde erailak izan diren biktima guztiei.

Ekitaldiaren deialdia prentsara bidali duzue. Herritar guztiei zuzendurik al dago? Bestelako gonbidapen formalik egiten al diezue biktima edo Udal ordezkariei?
Ez dugu bereizketarik egiten, prentsa bidez herritar guztiei deialdiaren berri eman nahi diegu. Herritar guztiak gonbidatuta daude, nahi duenak azaltzeko aukera izan dezan.

Zuzenean ez diogu inori gonbidapen berezirik egiten. Elkarbizin parte hartzen duten pertsonei deialdia bidaltzen diegu. Maila pertsonalean, Mari Paz Artolazabal urtero jakinaren gainean jartzen dut. Lehengoan kalean Ansa topatu nuen, iaz ekitaldira hurbildu zena, eta aurtengo deialdiaren berri eman nion. Gurea gonbidapen zabala da, prentsa bidez zabaltzen duguna.

Iazko memoriaren egunaren harira, Andoaingo Udalak adierazpena argitaratu zuen. Besteak beste, honakoa adierazteko: “Memoriak terrorismo biktima guztien errekonozimendua, erreparazioa eta ez errepikatzearen bermea sustatu behar ditu”. Udalak herritarrekin batera ekitaldia antolatu beharko lukeela iritzi duzu? Elkarbiziren ekitaldiak hutsune horri erantzuten dio ala Udalak egin lezakeena eragozten du?
Eragotzi, inondik inora ez. Antolatu genuen lehen urtean azken unera arte Udalaren erabakiaren zain izan ginen. Udalak bere kabuz edo herritarrekin bat eginda ekitaldia antolatuko balu, guk ez genuke gurea antolatuko. Guk antolatzen dugu hutsunea ikusten dugulako. Ez dugu Udalak edota administrazio publikoak egin dezakeen ekitaldia oztopatu nahi. Alderantziz, egiten ez denez, hutsune hori betetzea da gure asmoa.

Andoaingo Udalean, bestalde, Bizikidetza mahaia diskretuki lanean ari da. Zein balorazio egiten duzu?
Zerorrek esan duzu, nahiko diskretoa da. Beraz, gehiegi ez dakigu. Beste herri batzuetan bi mahai daude, bata politikoena eta bestea herritarrena. Lasarte-Orian bi mahaien martxa nahiko ondo doala dirudi, bata zein bestea. Andoainen ez dute gehiegi adierazten, beraz ez dakigu gehiegi. Argituzekin 1960eko hamarkadatik hona txostena lantzea adostu dute, baina hortik aurrera gauza gutxi. Horrelako argitalpena denen adostasunarekin sustatzea ez dago gaizki, herrian politika mailan pausoak ematen ari diren seinalea baita. Badakigu ez dela erraza, bizikidetza gaia korapilatsua eta sentibera delako. Pausoak ematen diren heinean, herritarren mahaia osatzera pasa beharko litzatekeela iruditzen zait niri.

Andoaingo bizikidetza jardunaldi ezberdinetan herritar asko ez da hurbildu. Beste herri batzuetan ikusten den dinamismoarekin alderatuta, etsigarria iruditzen al zaizu egoera?
Ez nuke etsigarria hitza erabiliko. Tristea dela esango nuke. Tristura handia sentitu izan dut, zeren eta oker ez banago, antolatutako ekitaldi guztietan izan naiz, herritarren partaidetza oso txikia izan delako. Hitzaldi batean, esaterako, dozena eta erdi lagun bildu ginen, eta erdia baino gehiago kanpokoa zen. Horrek tristura handia ematen dit. Herri mailan gai honekin ez dugu lortzen herritarra erakartzea, ez Udalak ezta Elkarbizik ere. Eta gaia garrantzitsua da, gure etorkizuna bizikidetzaren arabera antolatu behar delako. Askoren artean, bakoitzaren jarrera aldatu behar da. Jarrerak positiboa, aldekoa izan behar du. Udaletik antolatutako ekitaldi horiek onak ziren. Ikus-entzunezkoak interesgarriak ziren, eta baita antolatu ziren bi mahai-inguruak ere. Bizikidetzaren alde jarrera aldatzeko baliagarriak ziren. Herritarren erantzun txikiak tristura eragiten dit. Tristura bai, baina etsipenik ez. Gai honekin aurrera egin beharra dago.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!