Udal aurrekontu proposamena gehiengo osoz onartu da

Laugarren urtez jarraian, agintaldi osoan beraz, urteko udal aurrekontua onartzeko nahikoa babes izan da Andoaingo udaletxean. EH Bildu, Ganemos, Irabazi eta zinegotzi ez atxikiak adostutakoa onartu zen, PSE-EEren eta EAJ-PNVren aurkako botoekin.

Aztergaiak luze jo zuen, erreplikarako hiru txanda erabili baitziren. Sozialistak eta jeltzaleak kexu agertu ziren formekin eta edukiekin, eta aurrekontuen proposatzaileak aldiz aurkeztutakoarekin pozik agertu ziren.

Ana Carrere alkateak xehetasunak eskaini ondoren, alderdiei balorazioa egiteko tartea eskaini zien. Hauexek twitter bidez udaletxetik bertatik zabaldutako txioak:

  • Jon Zulueta EHBilduko bozeramailea Agintaldiaren balorazioa egiten ari da, aurtengo egitasmoen eta amaitzear diren lanen berri emanez. Balioan jarri du aurrekontuak lau urtetan jarraian onartu izana
  • Maider Lainez PSE-EEko bozeramaileak euren emendakinen berri eman du. Azpiegitura eta gizarte zerbitzuen alorrekoak dira, nagusiki.
  • Marijose Izagirrek gobernu taldearen jokabidea kritikatu du, Udal aurrekontu proposamena itxitzat emateagatik. Inbertsio eza ikusten du aurrekontuetan. Emendakinak aurkeztu dituzte, alor ezberdinetakoak
  • Olga Hernandez Ganemoseko ordezkariak adostasunera iristeko beharra nabarmendu du, adierazpen laburrean.
  • Jorge Mourinho Irabazikoak aurrekontu proposamenaren prozedura defendatu du, alderdi gehienen emendakinak onartu direla erantsiz.

2019ko Udal aurrekontu proposamena onartu da EHBildu, Ganemos, Irabazi eta zinegotzi ez atxikiaren babesarekin.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!