'Andoain Laburrean', film laburren lehiaketa

Gazteen artean euskarazko ikus-entzunezkoak sustatzeko lehiaketa da, eta aurtengoa laugarren edizioa izan da. Saritutako lanak dagoeneko ikusgai daude andoaindarraeuskaraz.eus webgunean.

Andoain Laburrean' laburmetraien lehiaketaren sari banaketa egin zen Basteron, joan den ostegunean. Euskara gazteen artean eta ikus-entzunezkoen sektorean sustatzea helburu duen lehiaketa da, eta Andoaingo Udaleko Euskara Sailak eta Zine eta Bideo Eskolak elkarlanean antolatzen dute. Laugarren edizioa bete du aurten. Saritutako bideoak dagoeneko ikusgai daude sarean, andoaindarraeuskaraz.eus webgunean.

Aurtengo sarituak

Hona jarraian aurtengo sarituak, eta epaimahaiaren iritzia horien gainean:

• 1. saria: “Bidearen bukaera”

Iker Casado.

“Kontaera heterodoxo batetik, itzuli ezustekoekin, historiari osotasuna ematen asmatzen du. Hizkuntzaren maila on eta naturalagatik, herriko pertsonaiak sartzeko ahaleginagatik eta ikus-entzunezko hizkuntza desberdinak era aproposean baliatzen ditu”.

• 2. saria: “Ibilaldi bat Andoainen”

Jonathan Molina, Jose Ignacio Olaizola eta Carlos Casales. 

“Andoaingo kaleetatik barrena, komertzioak bisitatzeko gonbidapena egiten duen eta spot itxurako lanak duen postprodukzioa azpimarratuz, Andoain herri erakargarri gsa aurkezten du”.

• 3. saria: “Soka”.

Klaudia Astudillo, Olatz Matxain, Eneritz Lopez eta Uxue Etxaniz. 

“Hitzen beharrik gabe, argiztapen zaindu batekin eta musikak beldurra edota misterioa behintzat sortaraziz, gizakiaren etsairik handiena batzuetan norbera dela adierazten du”.

Aurtengo sari banaketa ekitaldiko gonbidatu berezia Iban De Campo zuzendaria izan zen; egin berri duen “Espedizio handia” zientzia fikziozko laburmetraia aurketu zuen, eta ondoren, zinemagintzan orain arte egin duen ibilbideari buruzko azalpenak eskaini zituen.

Joxe Felipe Auzmendi, Juanjo Elordi eta Jone Larrañagak osatu dute aurtengo epaimahaia. 

"Soka" laburmetrailaren egileak

“Pertsona baten bizitza kontatzen du laburmetraiak. Burua ez dabilkio zuzen, eta dena beltz ikusten du. Maiz gizakioi gertatzen zaiguna gertatzen zaio: arazoak dauzkala eta pentsatzen duela besteak direla arazo horien iturburu. Pertsonaiaren garapena kontatu nahi izan dugu, eta nolabaiteko mezu baikorra zabaltzen saiatu gara: alegia, norberak dituen arazoak norberak konpondu behar dituela kanpora begira jarri gabe, eta horretarako merezi duela saiakera egiteak. Aktore bat (Aritz Morras) agertzen da laburmetraian batik bat, eta istorio guztia bi minutura murriztu behar izan dugu. Plano ugari geneuzkan grabatuta, eta sintetizazio lan handia egin behar izan dugu; telebistako iragarki baten antzeko lana izan da. Ikusleek daukate azken hitza. Antolatzaileek lan sarituak sarean zintzilikatzeko asmoa daukate, eta beraz, lanak ikusteko gonbitaea luzatzen diogu edonori".

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!