Joxe Arregi, egiaren aitortza eskatzen jarraitzen dute

Erabiltzailearen aurpegia Olatz Lasa 2019ko ots. 18a, 01:00

Udalen babesa badute ere, erakunde nagusien aitortza eskatzen dute familiak eta herrikideek.

1981eko otsailaren 13an hil zen Joxe Arregi; Espainiako Polizia Naziolarengandik torturatua izan ostean. 38 urte beranduago egiaren aitortza eskatzen jarraitzen du familiak.

Herritar ugari bildu zen Arregiren omenaldira, otsailaren 17an. Dantza saioekin hasi zuten omenaldia, eta ondoren, Igotz Alkorta  eta Ander Otaño zizurkildarrek hartu zuten hitza. Alkortak bide poetikoari heldu zion, bere hitzak zuzenean Arregiri zuzenduz; eta Otañok, berriz, justizian, aitortzan eta egian jarri zuen fokua.

Memoria, galtzaileek ahantzitako historia liburua
Esaldi honekin hasi zuen bere saioa Igotz Alkortak: "Memoria galtzaileek ahazten duten historia liburua omen da". Hortik aurrerakoa hikaz egin zuen Alkortak, Arregiri zuzenduta. "Ia 40 urte geroago herri honek badizkik ametsak. Hireak, gureak eta datozenenak". Borrokan jarraitzen dutela gehitu zuen: "Euskararen aldeko borrokan, jendarte bidezkoagoa eraikitzeko borrokan. Finean, gure hitza entzunarazteko borrokan".

Arregik gustuko zituen ekintzak egiten jarraitzen dutela adierazi zuen. "Dantzan ere jarraitzen diagu; bertsotan, lagunartean. Gustuko hituen gauza horietan".

Hitz hauekin eman zion amaiera bere mintzaldiari  Alkortak: "Memoria gordinaren gainean irribarre bat landatuko diagu. Iritsiko delako eguna. Hirea, gurea, herri onena".

Memoria, marken bilduma
"1981eko otsailaren 13an Euskal Herriak bereak sentitu zituen Joxeren ubelduak, hanka erreak, torturaren marka gordina", esanez hasi zuen bere adierazpena Ander Otañok.

38 urte geroago justiziarik ez dela egin salatu zuen. "Milaka torturatuk badute zorionez herriaren aitortza, Udalarena, baina gorako erakundeek urratsik eman gabe jarraitzen dute". Egia osoa aldarrikatzen dute. "Egia guztientzat eta guzti guztientzat".

Bere hizketa amaitzean, Arregiren familiarengana zuzendu eta argizaiola piztu zuten. "Argizaiolaren argia ez delako itzali, eta ez dutelako sekula itzaliko". Arregik amesten zuen herri aske eta irribarretsua lortzeko borrokan jarraituko dutela adierazi zuten.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!